Mugarik gabe hedatuko da euskara Lesakan

Txiki geratu den eraikin zaharren ondoan egin nahi dute berria,/
Txiki geratu den eraikin zaharren ondoan egin nahi dute berria,

Dena prest dute txiki geratu den Tantirumairu ikastola handitzea ahalbidetuko duen Nafarroa Oinez festarako

Gehiengo euskalduneko herria da Lesaka, bertsolari ugari eman dituena, besteak beste. Euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten bi ikastetxe ditu, Irain Eskola Publikoa eta Tantirumairu Ikastola. Azken hori txiki geratu zaie, baina, eta 1988an eraikina moldatzeko egin zuten bezala, Nafarroa Oinez jaia antolatu dute, azken hamarkadetan darabilten eraikin zaharraren hormak ez daitezen izan traba ikastolaren eta euskararen hedapenerako. Eta eragozpen horiek gainditzen laguntzeko, mugarik gabe hedatuko da bihar euskara Lesakan.

Hilabeteak lanean eman ondoren, iritsi zaie 'bikin bat' egiteko unea, igande honetan, urriak 15, egingo baita 2017ko Nafarroa Oinez festa. Dena prest dute, ibilbidea barne. Udalerriaren goiko aldean kokatuko da eta 3 kilometro eta erdiko luzera du, herriaren izaera islatu eta Lesakako industria eremutik nahiz baserri inguruetatik pasatzeko. Bidean 4 gune topatuko ditu bisitariak (Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea).

Adin eta mota guztietako bisitarientzako programazioa prestatu dute gune horietan: kontzertuak, ostalaritza zerbitzua, bertso saioak, herri kirolak... Hori guztia, esan bezala, Tantirumairu ikastolak erakin berri bat eraiki ahal izateko. 'Bikin bat in' leloak berak ere horixe esan nahi du Lesakako ahozko hizkeran: bi eraikinekin ikastola bat osatu nahi du Tantirumairuk, alegia.

Omenaldi esanguratsuak

1974an zabaldu zituen ateak Tantirumairu Ikastolak, zazpi ikaslerekin. Ez zuten ez leku ez baliabide egokirik ere, baina gurasoen eta irakaslegoaren bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten. 1988an Nafarroa Oinez egin zen herrian lehenengo aldiz eta Otxogorrienea izeneko etxea moldatu ahal izan zen. Egungo 101 ikasleentzat, ordea, eskas gelditu da eta eraikin berri baten premian bigarrenez Nafarroa Oinez antolatzea erabaki zuten Tantirumairu Ikastolak, gaur egun darabilten eraikinak ez baitu zabalkuntzarik onartzen.

Jangela handiagoa behar dute ikasle guztiei bazkaria erosotasunez eman ahal izateko. Laborategi bat ere bai, eta bulegoak eta hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela. Ezinbestekoa dute egoitza berria, hain zuzen, "ikaslea erdigunean kokatzen duen pedagogia berritzailearekin jarraitzeko eta, batez ere, euskal kulturaren transmisioa gauzatzen segitu ahal izateko", Lesakako Nafarroa Oinezen asmoa baita "euskararen presentzia eta garrantzia aldarrikatzea Nafarroa osoan, Tantirumairu ikastolan auzolanean lanean segitzea, belaunaldiz belaunaldi gure hezkuntza proiektu propioa garatzeko Euskal Herriko gainontzeko ikastolekin batera; eta Lesakar eta Bortziritar guztiak euskara eta euskal kulturaren inguruan batzea".

Ikastola 1992. urtean. Ez da horrenbeste aldatu...
Ikastola 1992. urtean. Ez da horrenbeste aldatu... / TELLECHEA

Omenaldiei dagokienez, kanpotik Lesakara etorri eta euren seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omenduko dira . Esker ona adieraziko diete eguerdian Harriondoa Kultur Etxean egingo den ekitaldian. Gainera, Nafarroako Ikastolen Elkarteak hala erabakita, IKA euskaltegi sareak jasoko du bigarren omenaldia, euskalduntzean egindako lana txalotzeko. Horretarako, IKAko kide eta ibilbide luzeko euskaltzalea den Sagrario Aleman euskaltzaina izango da omenaldian, Bortzirietako IKAko bi kiderekin batera..

Ekitaldi horretan, halaber, Txikiak Handi manifestua sinatuko dute Aran bailaratik gerturatutako kideak. Izan ere, Nafarroa Oinezen Txikiak Handi ekimenak aurten Araneko Alejandro Casona ikastetxearekin eraiki du zubietako bat, eta araneraren eta euren kulturaren aldarrian sinatuko dute Lesakan hitzarmena.

Goizeko hamarretan, ikastolan bertan egingo da Nafarroa Oinezen irekiera ofiziala 100 lagun eta ordezkarirekin eta guneetan programazioa martxan jarriko da. Urte guzian zehar memoria eta sormena landu dutenez, horixe izango da festaren ardatzetako bat. Esate baterako, Oreka Tx eta Brun burdinola taldeak arituko dira, toberak eta burnia izan direlako Lesakako Nafarroa Oinezen urte osoko ikur.

Musika eskaintza ugaria eta anitza izango da. Eskualdeko taldeak izango dituzte -Petti, Borrokan eta Kalera taldeak-, eta horiekin batera ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz eta beste. Bertso saioak, haurrentzako emanaldi ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba, Erronka eta beste zenbait proposamen ere bildu dituzte egitaraura. Aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko duela Nafarroa Oinezek 2. gunean.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, Lesaka bailara estu batean dago kokatuta. Horregatik, helduko diren milaka ibilgailuak eta espazio eskasia kontutan izanik, garraio publikoa erabiltzearen aldeko deia luzatu du Tantirumairu Ikastolak. Dena den, urtero bezala aparkalekuak egokituko ditu ikastolak herri kanpoaldean eta ondoko herrietan. Horietatik ibilbidera joan ahal izateko autobusak ere paratuko ditu. Beraz, nahiz eta ibilbidetik urruti aparkatu, bisitariak ez du inolako arazorik izango festa gunera hurbiltzeko. Gainera, furgonetentzako eta autokarabanentzako aparkaleku bereziak antondu dira herrian bertan, eta 4X4ko autoentzako aparkalekuak ere bai.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos