Telefono mugikorrak, zientziaz gainezka

EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak bere blogetan argitaratzen diren zientziari buruzko edukiak eta beste telefonoetarako aplikazio baten bitartez ere bideratuko ditu

Euskal Herriko Unibertsitateak 2010 urtean sortu zuen Kultura Zientifikoko Katedra, herritarron kultura zientifikoa sustatzeko asmoz. Dibulgatzaile trebe, Fisiologiako katedradun eta errektore ohi (2004tik 2008ra izan zuen ardura hori) Juan Ignacio Pérez Iglesiasen koordinaziopean, hitzaldiak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte, eta zientzia gaiak lantzen dituzten zenbait hedabide digital eta argitaratzen dituzte. Besteak beste, Zientzia Kaiera, Cuaderno de Cultura Científica, Mujeres con Ciencia, Mapping Ignorance eta aurreko blog horietan ez ezik hedabideetan argitaratutako edukiak ere biltzen dituen Zientzia.info.

Kontuan izanik gero eta jende gehiagok telefono mugikor adimentsuak erabiltzen dituela interneten dauden edukietara iristeko, Kultura Zientifikiko Katedrak gailu horientzako aplikazio bat sortu du, Katedra izena duena. Androik eta IOS-erako garatu duten aplikazioak zientziaren inguruko albiste, ekitaldi, bideo, podcast eta Kultura Zientifikoko Katedraren gune guztien edukiak mugikorrean ikusteko aukera eskaintzen du, hiru hizkuntzatan eskaini ere: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Aplikazioa Codesyntax enpresak burutu du, eta edukiak nahierara kudeatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, hizkuntza ez ezik gauak ere aukeratu baitaitezke. Gaiei dagokienez, hamabi aukera daude: Matematikak, Fisika, Kimika, Biologia, Geozientziak, Astronomia, Neurozientzia, Medikuntza, Teknologia, Historia, Zientziaren filosofia eta, azkenik, Generoa eta zientzia. Guztietara harpidetu daiteke erabiltzailea, edo gehien interesatzen zaizkionetara soilik.

Gogoratu behar da, dena den, badela beste aplikazio bat zientziaren inguruko edukiak euskaraz bideratzen dituena: iaz aurkeztu zuen Elhuyarrek, eta ZientziApp du izena. Albisteak, audioak, bideoak eta agenda eskaintzen ditu, doan. Eduki guztiak Elhuyar Zientzia erredakzioan aukeratu eta landuko dira, eta Zientzia.eus webgunean ere argitaratu ohi dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos