Telefono mugikorra, betiko martxara lotzen gaituen uztarria

Askok eta askok hondartzan ere ezin dute egon telefonoari kasorik egin gabe./EFE
Askok eta askok hondartzan ere ezin dute egon telefonoari kasorik egin gabe. / EFE

EAEko biztanleen erdiek ezin dute ordubete igaro telefonoari so egin gabe, eta %25ek 15 minuturo ematen diote begi-kolpe bat

M. IMAZ

Oraintsu arte teknopatia izan da gailu elektronikoak buruarekin mugitzea. Adimenarekin, alegia, ez burukadaka. Hitza hiztegietara iritsi baino lehen, baina, beste adiera bat ari zaio nagusitzen hasierako horri, eta gero eta gehiago erabiltzen da 'teknopatia' gailu elektroniko horiekiko mendekotasuna izendatzeko. Horren arabera, telefonorik edo tabletarik edo antzekorik gabe ezin bizi direnak dira teknopatak, eta XXI. mendeko gaixotasuna izango dela ere hasi dira esaten hainbat aditu. Beste adikzio batzuk baino arriskutsuagoa izan daitekeela diote, ume-umetatik harrapatzen gaituelako eta gure eguneroko bizitzarako ezinbestekoak ditugulako kasurik okerrenetan mende hartuko gaituzten gailuak. Izan ere, haur txiki bati ez zaio zigarro bat, gin-tonic bat edo bingoko kartoi bat jartzen eskuetan entretenituta egon dadin. Bai, ordea, une oro eskura izango duen telefono bat.

Telefono mugikorrik gabe konplikatua da gaur egun bizitzea edo lan egitea. Hala ere, lanerako behar ez badugu ere eskura nahi dugu gehienok telefonoa. Ustez deskonektatzeko baliatu nahi ditugun oporretan, hortaz, gailu hori bilakatzen da eguneroko martxara lotzen gaituen uztarria.

The Phone House denda-kateak egin duen 'Telefoniako kontsumo ohiturak' inkestaren arabera, EAEko biztanleen erdiek baino gehiagok orduero begiratu behar dute telefonoa, inork deitzen ez badie edo mezurik jasotzen ez badute ere. Eta %25 urduri jartzen dira ordu laurdenero telefonoari begiratu bat botatzen ez badiote.

Inkestan parte hartu duten 2.300 erabiltzaileen artean gehienek (%85,5 zabal batek) adierazi dute lanean edo klasean daudenean soinua jaisten edo kentzen diotela mugikorrari. Beraz, telefonoari begira badaude ere ez dute gehiegi molestatzen, nahiz eta %65ek esan beste norbaitekin badaude ere berdin-berdin begiratzen dutela telefonoa.

Kalera telefonorik gabe irten? Ezta pentsatu ere! 10etik 7 etxera bueltatzen dira telefonoa ahaztu badute. Ogia erostera edo zaborra botatzera edo bost minutuan egin daitekeen zerbait egitera irteten badira ere, gainean behar dute telefonoa %65ek.

Horren beharrezkoa dugun gailuaren erabilera ere izugarri aldatu da. Hitz egiteko asmatu zen, baina zertarako erabiltzen duten galdetu zaienean %19k erantzun dute bakarrik deiak egiteko erabiltzen dutela. Bankuko kontuen kudeaketa, hotelen erreserba, arropa erosketa eta horrelakoak oso aurretik daude. Berehalako mezularitza eta sare sozialak ere, eta erabileren burua, bi: posta elektronikoa eta argazkigintza.

Beste datu deigarri bat ere aurki daiteke inkestaren datuetan oinarrituta prestatu duten oharrean: aurrez aurreko komunikazioa inkestari erantzun dioten %10,38 urri baten du urrutiko komunikazioa baino nahiago.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos