Talentu handiko lau ingeniarigai berritzaile

Sariak ostegunean eman ziren Orona Ideon. /
Sariak ostegunean eman ziren Orona Ideon.

Orona Get Up sariek Eneko Irazusta, Iñigo Arratibel, Alba Fernández eta Amaia Goñiren proposamenak aintzatetsi dituzte

Hiri-mugikortasuneko soluzioetan espezializatuta dagoen enpresa da Orona eta, horrenbestez, mugikortasuna da aurten zortzigarren ediziora heldu den Orona Get Up sarien ardatza. Egoitza Hernanin duen konpainiak ohar baten bidez zabaldu duenez, aurten zortzigarren ediziora heldu den sariaren bidez “ingeniaritza-ikasleen trebakuntza eta talentuarekin duen konpromisoa berretsi" nahi du. Hain zuzen ere, "ikasleek egiten duten lana aitortu nahi dute Orona Get Up sariek, eta Ingeniaritzako gradu-amaierako eta master-amaierako ikasleen ikerketa-proiekturik onenak saritu".

Edizio honetan hamabost proposamenek hartu dute parte. Denek bete behar zituzten bi oinarrizko eskakizun: "garraio bertikalaren, hiri-mugikortasunaren eta eraikinen energia-kudeaketaren arloko nobedadeak barnean hartzea, eta ikerketaren eremuko berrikuntzak proposatzea".

Lan guztiak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du aurreneko saria ematea ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari den Eneko Irazustari, 'Fuzzing de sistemas embebidos industriales' (Sistema txertatu industrialen fuzzinga) proiektuagatik. Azaldu dutenez, "gero eta sistema gehiago daude sarean konektatuta, bai tokiko sareetan, bai Interneten. Makinen, altzarien, ibilgailuen eta abarren barruan integratzen diren konputazio-sistemek ahalbidetzen dituzte interkonexio horiek, eta sistema txertatu deritze. Hainbat zerbitzu eman ditzakete; nolanahi ere, eraso zibernetikoen aurrean zaurgarriago bihurtzea ere ekartzen dute. Mehatxu berri horiei aurre egiteko, softwarea garatzeko eta testatzeko teknika berri eta berritzaileak erabiltzen ari da industria. Saritutako proiektuan teknika horietako bat aztertu da: fuzzinga." Lehen postuan geratzeagatik, 1.500 euroko saria jaso du Eneko Irazustak.

Bigarren saria, 1.000 euroz hornitua, Mondragón Goi Eskola Politeknikoko Iñigo Arratibelek aurkeztutako 'Ascensor eficiente' (Igogailu eraginkorra) lanak lortu du, eta hirugarren saria, berriz, 500 €, ex aequo eman zien enpresak Alba Fernández (Tecnun) eta Amaia Goñiri, 'Estandarización y optimización del transporte' (Garraioaren estandarizazioa eta optimizazioa) eta 'Optimización de sistemas de aislamiento' (Isolatze-sistemen optimizazioa) lanengatik, hurrenez hurren.

Konpainiak gogoratu du sarion bidez aukera ematen diela ikasleei "beren ikerketa-proiektua Oronako eta haren kolaborazio-sareko talde diziplina anitzekoaren laguntzaz eta etengabeko aholkularitzaz baliatuz egiteko eta sakon lantzeko".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos