«Beldurretik hitz egiten dugu sexualitateari buruz»

Ortiz, artxiboko irudian / UEU
Ane Ortiz Ballesteros

Sexologian, sare sozialetan zein berdintasunean aditua da irakaslea eta 'Pornografiaren aurrean nola esku-hartu' udako ikastaroa antolatu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

'Pornografiaren aurrean nola esku-hartu. IKT-n erabilera nerabeen eta gazteen sexualitateen arretan: errealitateak eta aukerak' ikastaroa antolatu du UEUk Eibarreko Udako Ikastaroen barruan. Ane Ortiz Ballesteros sexologo eta sare sozialetan zein berdintasunean aditua da irakaslea eta ikastaroa hasi aurretik izan gara berarekin.

- Sexu heziketan oraindik ere hutsune handia dago, ezta?

- Bai. Egia esan klasetara edo ikasgeletara sartzen garenean sexu heziketa egitera ikusten dugu sekulako hutsunea dagoela oraindik. Harritzekoa da nola oraindik ere gazteek orain dela hogei urte planteatzen zituzten galdera berak egiten dituzten. Gaur egun bizi dugun informazioaren garaian gazteek daukaten informazioa ez da guztiz ona.

- Internet eta sare sozialen garai hauetan hutsune horrek zer ekartzen du?

- Azkenean zer dakar? Informazio piloa daukatela, informazio hori oso sexualizatua dagoela askotan eta ez dakitela jasotzen duten informaziotik zein den benetakoa. Aipatzekoa da Internetek pornografiaren garapena ahalbidetu duela eta gaur egungo gazteak pornografiaren kontsumitzaile sutsuak direla.

- Pornografiaren kontsumo horrek zein eragin dauka?

Alde batetik niri gustatuko litzaidake ez deabrutzea pornografia. Askotan sexualitatearen inguruan, sare sozialen inguruan hitz egiten dugunean arriskuetatik eta beldurretatik hitz egiten dugu. Bada garaia buelta emateko eta ikusteko zein aukera eskaintzen dituen. Egia da asko kontsumitzeak ondorio batzuk ekar ditzakeela, baina egia da pornografiak desiran dagoen aniztasun guztia erakusten duela. Nik baldin badaukat “normaltasunetik” ateratzen den desio bat, agian pornografian aurkituko dut desira nirekin partekatzen duen pertsonaren bat.

- Arazoa batez ere ereduan dago

- Bai. Alde batetik guk beti esaten dugu pornografia dela erotikaren zientzia fikzioa. Azkenean arazoa ez dago erremintan baizik eta erreminta edo baliabide horrekin egiten dugun erabileran. Nik beti gazteei esaten diet, “zuek supermanen pelikula ikusten duzuenean badakizue kapa bat janzten baduzue ezin duzuela hegan egin. Bada pornografiarekin gauza bera. Ikusten baduzue pornografia, jakin behar duzue zer ikusten ari zareten, zer nolako eredua bultzatzen duen”. Azkenean eredu maskulino bat da. Emakumearen plazera gehienetan ez da agertzen. Zer nolako jarrerak, ereduak... Ezin gara horretan oinarritu. Baina gaizki dago ikustea? Bada ez; baina jakin behar dugu eta kontziente izan behar dugu ikusten ari garenaz. Hori da saiatu behar garena bultzatzen. Baita bestelako eredu batzuk sustatzen ere. Izan ere, badaudelako pornografiaren beste eredu batzuk, baina sareko espazio oso txiki bat okupatzen dute .

- Ikastaroan nola landuko duzue gaia?

- Alde batetik landuko ditugu sare sozialak eta nola kokatzen diren gazteak esparru horretan. Eta bestetik eskainiko diogu arreta pornografiari eta sexualitateari. Bi gai horiei komunikabideetan eskaintzen zaien arreta, lehen esan bezala, beti arriskuetatik eta beldurretatik abiatzen da. Iruditzen zait garrantzitsua dela eta gure asmoa da eskaintzea bestelako argazki bat. Argazki anitzago bat eta errealago bat. Gazte bat ikusiko bagenu telefono batekin denbora guztian eta jakingo bagenu irakurtzen ari dela liburu bat botako genituzke eskuak burura? Bada ez. Baina uste dugu gazteak ibiltzen direla pornoa ikusten, edo bestelako gauzak egiten. Hori ez da erreala. Batzuk egingo dute, baina hori ez da argazki erreala. Gure asmoa hortik joatea da.

- Eta zer da ikastaroarekin lortu nahi zenukeena?

- Alde batetik esku hartzerako orduan beldurrak kentzea eta bestelako erreminta batzuk izatea. Garrantzitsua iruditzen zait hurrengo metafora. Guk ezin diegu esan pertsonei, adibidez, “Ezin duzu autorik hartu istripua izango duzu eta kontuz” eta jarri denbora guztian istripuen argazkiak edo hildakoen argazkiak. Azken batean, beldur gehiago sartzen ibili. Ondo dago hitz egitea arriskuei buruz. Autoa hartzen baduzu aukerak daude istripu bat izateko, gainera beti ez dago gure esku. Eta hori ere inportantea da. Kontziente izatea. Ikusiko dugu edo erakutsiko ditugu bitarteko batzuk edo modu batzuk istripua izanez gero inpaktu hori txikiagoa izateko. Gure burua babesteko. Hori izango da ikastaro honen helburua. Arriskuei buruz ere hitz egingo dugu, baina segurtasun uhala jartzen erakutsiko diegu. Zer egin dezakegun gure burua babesteko. Azkenean ez dakigu gertatu daitezkeen gauzak edo ez. Eta esatea baita ere akats edo zailtasun horietatik beti ikasten dugula. Gure ikaskuntza prozesuaren parte bat dela.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos