Sarrera bakarra Oarsoaldeko zortzi museoak bisitatzeko

UNANUE

Eskualdeko museoek elkarlanean egindako ekimenak aurkeztu dituzte

Oarsoaldeko museoen arteko elkarlana ez da berria, 2014 urtean Oarsoaldea Garapen Agentziaren turismo sailak bultzatuta eskualdeko museoen mahaia martxan jarri zenetik maiz aritu baitira batera. Elkarlan horrek, baina, atzo Errenteriako Kapitain Enean kokatzen den Jantziaren Zentro berrian egindako prentsaurrekoan aurkeztu ziren bi nobenade ekarri ditu, Museoen Bono berria eta hurrengo asteetan elkarrekin egingo dituzten hainbat jarduera.

Jexux Leonet Oiartzungo alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi duenez, "museo bakoitzak bere identitate propioa du eta gai desberdinak jorratzen dituzte baina hau ez da izan eragozpena beraien arteko elkarlanerako. Tematika desberdinak uztartuz, beraien arteko sinergiak sortzeko gai izan dira". Leonetekin batera, Maria Jesus Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Joseba Zabaleta (Soinuenea museoaren izenean) eta Erme Pedroso (Albaola Itsas Kultur Faktoriaren izenean) izan dira aurkezpenean..

Museoen Bonoa duela urte batzuk sortu zen, eta orain arteko eskaintzari Errenteriako Jantziaren Zentro berria gehitu zaio. Eskualdeko zortzi museoak erdi prezioan bisitatzeko aukera ematen digu, urtebeteko epean. Eskualdeko museoetan eta Pasaia eta Errenteriako turismo bulegoetan eskuratu daiteke bonoa 12,50€ren truke. Gai anitz jorratzen dituzten museoak dira hauek: geologia, musika, historia, literatura, arrantza eta itsas ondarea, arkeologia, etab. hain zuzen: San Marko gotorlekua (Errenteria); Jantziaren Zentroa (Errenteria); Arditurri Meatze gunea (Oiartzun); Luberri, geologia museoa (Oiartzun); Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa (Oiartzun); Albaola, Itsas Kultur Faktoria (Pasaia); Victor Hugo etxea (Pasaia) eta Mater, museo-ontzia (Pasaia).

Ondarearen Europako jardunaldiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Europar Batasunarekin lankidetzan antolatzen ditu jardunaldi hauek, erakunde ugariren partaidetzari esker eta ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakontzeko helburuz. Horrela, 'Paisaia bizia' lemapean iraila eta urrian hainbat jarduera antolatu dira lurralde osoan. Aipatu jarduera hauen barne, Oarsoaldeko museoek elkarlanean eta konbinaketa desberdinak eginez, hainbat jarduera antolatu dituzte.

Larunbat honetantxe, urriak 7, 'Gaskoiniako eta Euskal Herriko herri musika' ekimena burutuko da, Arditurri eta Soinuenea artean antolatua. Oiartzungo Ergoien auzoaren paisaian azken urteetan eman diren aldaketak ezagutzeko egun bateko egitaraua prestatu dute bi museoek. 'Katua dantzarako' tailerra goizez Arditurrin, meategian bisita egiteko aukera doan, eta 18.30ean, Soinuenea ondoan dagoen Auzokalte elkartean udazkeneko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek Joan Francés Tisnèr (goizean tailerra ere berak eskainiko du) eta Alan Griffin musikarien eskutik. -Sarrera 5€koa da eta kontzertua + afaria 20€-.

Urriaren 22an, berriz, Luberri ikasgune geologikoak eta Mater Museoak Jaizkibelgo paisaia eta bertako itsasertza ezagutzeko aukera emango digute, elkarrekin eskainiko duten natur ibilbide batekin. Gure paisaiaren jatorriaren berezitasunak azaldu ondoren, leku honen ingurumen-egoera aztertuko da.

Azkenik, urriaren 28an 'Albaola itsas kultur faktoriaren ontzigintza Soinuenean' ekimena egingo da, Albaolak eta Soinueneak antolatua. Pasaiako Itsas Kultur Faktoria Oiartzun herrira mugituko da, itsas ondareak eskualdearen barrualdean duen garrantzia erakusteko asmoz. Egun horretan, 15.00etan Soinuenean arotzak lanean ikusteko parada izango dugu, San Juan baleontziko haritzezko piezak landuko dituzte jendaurrean. Etxeko txikienak ere, atsaldeko 17.00etatik aurrera, egurrezko itsasontzi txikiak modu dibertigarrian egiteko aukera izango dute.

Bisita berezi guztiak doan dira eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Errenteriako turismo bulegoan: 943 494 521 telefonora deituz edota turismoa@oarsoaldea.eus email helbidera idatziz.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos