Publizitatea ere hartuko da aintzat Tokikom sarietan

Lehen edizioan, Noaua aldizkakariak irabazi zuen eduki onenari emandako saria gehigarri berezi honekin./
Lehen edizioan, Noaua aldizkakariak irabazi zuen eduki onenari emandako saria gehigarri berezi honekin.

«Euskarazko publizitatearen balioa aldarrikatzea» du xede sarien bigarren edizioak ekarri duen berritasun nagusiak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Toki Komunikabideen Bateraguneak iaz antolatu zituen lehen aldiz Tokikom Sariak, eta haien arrakasta ikusita bigarrena ere deitu dute, berritasun nagusi batekin: 20017ko deialdian euskarazko publizitatea ere hartuko da aintzat. Aurreneko edizioak bezala, bigarren honek ere "euskarazko komunikazioaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzeko" asmoa du.

"Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote haien gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik, baina hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia oso ezezaguna da haien eragin esparrutik kanpo", diote sarien sorreraren nondik norakoa kokatzeko orduan, "dinamika hori" baita aldatu nahi dutena "komunikabide txikion ekarpena azpimarratuz" eta hedatuz.

Aurreneko ediziora 114 lan aurkeztu ziren guztira, eta horien arteko onenek jasi zituzten deialdi hari zegozkion sariak, erakutsiz "medio gutxirekin ere kazetaritza lan ederrak egin daitezkeela". Hala, Uribe-Kostako HIRUKA astekariak 2016ko uztailaren 7an argitaratutako 'Txonbo egin!'-ek irabazu zuen portadarik onenaren saria; Usurbilgo NOAUA astekariak eduki onenari emandakoa, 2016ko maiatzaren 13an argitaratutako 'Udarregiren omenez' gehigarri bereziagatik, eta ikus-entzunezkorik onenaren saria Debagoieneko Goiena Telebistak 2015eko urriaren 23an emititutako 'Barruak astintzen' dokumentalak jaso zuen. Aipamen berezi bat ere izan zen Zumaiako Baleikerentzat, traineru denboraldian argitaratutako 'Tapa Pala' bideo sortarengatik.

Aurtengo edizioan, esan bezala, publizitatearen arloko sari bat ere ematea da asmoa, "euskarazko publizitatearen balioa aldarrikatzeko". Hala, "euskarazko edozein toki komunikabidetan azken urtean argitaratutako lanak ez ezik, euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskara hutsezko publizitate kanpainarik onena ere sarituko du. Sari hauen bidez, komunikabideotan egiten den lana ezagutarazi eta hizpide bihurtu nahi du Tokikomek.

Arduradunek azaldu dutenez, publizitate sariak “euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa aldarrikatu nahi du, publizitatearen munduko eragileak gugana hurbildu eta elkar ezagutzeko aitzakia emateaz bat”.

Beraz, lau sari banatuko dira arten: portadarik onena, edukirik onena, ikus-entzunezkorik onena eta azken urtean euskarazko edozein mediotan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onenak jasoko duena.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2017ko irailaren 22ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.

Sariak urriaren amaieran banatuko dira Usurbilen –iaz bertako Noaua! Aldizkariak lortu baitzuen eduki onenaren saria-, horretarako propio prestatzen ari den ekitaldi baten barruan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos