Protokoloaren Euskal Herriko Garapenak «hizkuntza politika berrirako» bidea markatuko du

San Telmo museoan egin den aurkezpeneko irudia./KONTSEILUA
San Telmo museoan egin den aurkezpeneko irudia. / KONTSEILUA

2016ko abenduan Donostiako Protokoloa aurkeztu zenetik esparru ezberdinetako eragileen arteko elkarlararen emaitza izan den 'Protokoloaren Euskal Herriko Garapena' aurkeztu du Kontseiluak, Donostiako San Telmo museoan egin den ekitaldian.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez, «2016ko abenduaren 17an Protokoloa aurkeztu eta berehala izan genuen argi harri bitxi hori landu behar genuela eta gure betaurrekoekin Protokoloa irakurtzeko gida zehaztu behar genuela. Hartara, orduan bertan ekin genion lanketari, beti ere Protokoloaren filosofiari jarraituz, hain zuzen ere, eragileen ekarpenak oinarri.» Ordutik hona egindako lanaren emaitza aurkeztu da, zehazki, asteazken honetan.

Azpimarratu dute «prozesu parte-hartzailea» izan dela. Laurogei eragile baino gehiagok hartu dute parte eta aniztasun hori aurkezpenean islatu nahi izan da. Kontseiluko kideekin batera, edukia osatzeko prozesuan parte hartze aktiboa izan duten arlo desberdinetan aritu diren, Urtxintxa Eskolako arduradun Amagoia Osinalde, PuntuEus fundazioko zuzendari Josu Waliño, Sortzen elkarteko euskara arduradun Olatz Egiguren eta LAB sindikatuko euskara arduradun Amaia Aurrekoetxeak hartu dute hitza. «Gogoratu nahiko genuke 2017ko maiatzean euskal gehiengo sindikalak bat egin zuela Protokoloarekin Donostiako Miramar jauregian» gaineratu du Bilbaok.

Neurriak zehaztu

Neurri bakoitzaren ezaugarriak zehaztea izan da azken urtean eragileekin egindako lana: neurri bakoitza nola ulertu behar den; neurri bakoitza betetzeak zer ekarri beharko lukeen; neurri bakoitzak zein aurreko baldintzak izan behar dituen beteta. Finean, neurri bakoitza euskararen ikuspegitik nola aplika daitekeen zehazteko balio dute ezaugarri horiek. Administrazioek, neurri horiek banaka ere aplikatu ditzakete, ez daude elkarri lotuta.

Osinaldek nabarmendu du euskarazko aisiaren inguruko egoeraren azterketa egiten laguntzeaz gain, gaia zentratzeko aukera eman diela prozesuak, besteak beste.

Waliñok, bere aldetik, Garapenak ingurune digitalean lehentasun batzuk zehazteko balio izan diela esan du, Euskal Herrian urgentziaz landu beharrekoak eta eraginkorrak izan daitezkeenak arloarentzat. Gaineratu du, badaudela neurri zehatzak erraz hartu daitezkeenak borondatea egonez gero, euskarazko softwarea erabiltzea, kasu.

Protokoloa «eskubideetan oinarritzen da eta bertan jasotzen diren neurriak eskubide horiek bermatzeko neurriak dira». Orain, Garapenak neurri bakoitza nola ulertu behar den, neurri bakoitza betetzeak zer ekarri beharko lukeen…jasotzen du. Honek «zehaztapen maila handia ematen digu eta baliagarria izango da egoera ezberdinei erantzuteko», Egigurenen esanetan.

Aurrekoetxeak, berriz, zera nabarmendu du: lan eremuko eragile eta alor guztiak ukitzen ditu eta eskubide demokratikoetan oinarritzen da. Diskurtsorako oinarriak, elkarlanerako oinarriak eta dinamika zehatzak lantzeko bideak ematen dizkigu.

«Urte eta erdiko prozesuaren ondoren, Europako 30 hizkuntza gutxituren normalizazioaren aldeko ehunetik gora eragilek helarazitako proposamenekin aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Donostiako Kursaal jauregian 2016ko abenduaren 17an. Hori izan zen abiapuntua. Hurrengo urteetarako erronka, aldiz, Protokoloa barne-politiketan inplementatzea eta horretarako ere, Protokoloaren Euskal Herriko Garapena tresna nahitaezkoa izango da», Bilbaoren esanetan.

Ikuspegi «holistikoa»

«Azken boladan hizkuntza-politika birdefinitzeaz ari gara behin eta berriro, eta horretarako bada garaia hizkuntza-politikak ikuspegi holistikoarekin eta integratzailearekin garatzeko; bada garaia administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko diren hizkuntza-politikak abiatzeko. Protokoloaren Euskal Herriko Garapenak jauzi hori egiten lagunduko du», gehitu du.

Etorkizuna ere izan du hizpide Kontseiluko eledunak. «Normalizazio-prozesua ez da Euskalgintzak bakarrik jorratu beharreko eremua. Hizkuntzak bizitzako eremu guztietan eragiten digu, hain zuzen ere, hizkuntza fenomeno soziala delako. Zinez uste dugu beste eremuetako eragileak ere euskararen normalizazioaren gurdira ekarri behar ditugula, baina aktibo bihurtuz. Horrexegatik, Protokoloaren Euskal Herriko Garapena eskuartean, horiekin guztien aliantzak jorratzeko garaia dela uste du Kontseiluak

Amaitzeko, Kontseiluko ordezkaria instituzio eta botere publikoei ere zuzendu zaie, eta azken boladan instituzioen eta Euskalgintzaren arteko elkarlanaren beharra azaltzen ari dela gogoratu du. «Kontseiluak elkarrekin bidea egiteko tresna interesgarri bezain eragingarria jarri nahi du mahai gainean, Europan inoizko adostasun sozial handien lortu duen dokumentutik sortutako bide-orria.»

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos