Ze postu izango lukete Ibarrako piperrek Scoville eskalan?

Bi zartaginkada piper, asteartean Ibarran./JOSE MARI LOPEZ
Bi zartaginkada piper, asteartean Ibarran. / JOSE MARI LOPEZ

Piperren mintasuna neurtzen duen sailkapenean, beheko postuetan daude Euskal Herriko piper mota denak, baina minen bat tokatzen denean, txantxa gutxi...

M. IMAZ

"Bere azal fina eta ia batere mina ez den mami samurra, kolore berde-horixka eta zapore suabea dira Eusko Labela duen Ibarrako Piparra nahastezin bihurtzen duten ezaugarriak". Hori dio aurten uzta kaskarra izan duen Ibarrako Piparraren ezaugarriei buruz Eusko Labela duten produktuei buruzko informazioa biltzen duen web gunean. 'Ia batere mina ez den' horrek, dena den, baditu salbuespenak, eta batek baino gehiagok amaitu du piper-jana malkotan, min-minen bat tokatu zaiolako.

Edonola ere, produktu labeldunen taldera orain dela 20 urte bildu zen Ibarrako piperra zein talde horretako kide lau urte lehenago bilakatu zen Gernikakoa barietate gozoak dira. Ekoizten diren inguruetako klimatologiara egokituta, ia erabat ezabatuta dute mintasuna. Antxon Agirre Sorondo zenak Euskal Herriko piperrei egin zien errepasoan azaldu zuen bezala, barietate-sorta zabal-samarra ereiten eta jasotzen da gurean, baina bakar bat ez da bereizten izugarri mina izateagatik. Tokatu daitezke solteak, baina oho har piper gozoak dira.

Mintasuna, hain zuzen, kapsaizina izeneko molekula batek ematen die piperrei. Kopurua desberdina da mota batetik bestera, baina mintasun-maila alda daiteke teknika desberdinak (bilketa garaia, ureztatzea, aireztatzea...) erabilita. Mintasun-sentsazioa subjektiboa da, jakina, tolerantzia maila desberdinak ditugulako, baina hori neurtzeko eskala objektiboago bat ere badago, Scoville eskala, orain dela 105 urte Wilbur Scoville farmazialariak sortua. Piper mota bakoitzari mintasun-maila bat esleitzeko horren estraktua azukre-uretan diluitzen da, aztertzaileek batere mintasunik igartzen ez duten arte. Horrela, diluzio-mailak ematen du mintasun-maila.

Grafikoan ikus daitekeenez, produkturik minena 16 milioi aldiz diluitu behar da kapsaizinaren mintasuna ez antzemateko. Kapsaizina purua da, hain zuzen. Piperrak 2.000.000tik behera hasten dira, eta erdian dago, 2-5,3 milioi tartean, herrialde askotako poliziek erabiltzen duten piperbeltz-gasa.

Sekulako lehia dago munduko piperrik minena lortzeko. Aurten bertan beste urrats bat egin da Galesen, 'Dragon's Breath' barietatearen sorrerarekin. Mike Smith izeneko nekazari batek lortu du 2,48 milioi Scoville unitateetara iritsi den piper gorri txiki-txikia, Nottingham Trent unibertsitateko ikertzaileekin lankidetzan. Izan ere, piper hori nekez erabiliko da mahairako, medikuntzaren aldetik izan ditzakeen erabilerak ari baitira aztertzen; adisbidez, anestesiko bezala.

Hortik behera denetariko bitxikeriak daude, baina esan daiteke kontsumo 'arrunteko' piperrak 350.000-577.000 tarte horretan hasten direla, hor kokatzen baita 'Chile Habanero' beldurgarria... Jakin nahi bada zer gertatzen dan piper mota horren punta bat janda, lekukotasun ugari daude YouTuben. Hurbilagoko beste adibide batzuk: Errioxako 'alegriak', inguru hauetako piperrik minenetakoak, 50.000-100.000-ko tartean daude, eta Tabasco saltsak (pentsatu zer den Tabasco trago bat...) 5.000 unitate ditu.

Eta non daude hor Ibarrako piper minenak? Bada 5000-8000 artean. Beraz, gozoak ateratzen direnean, tira, baina mina tokatzen denean, alajaina!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos