Piztu!, herritar sedentarioak mugiarazi nahi dituen programa

Esperientzian parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, Donostiako Udaletxean./
Esperientzian parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, Donostiako Udaletxean.

Donostiako Intxaurrondon egindako esperientziak emaitza oso onak izan dituenez, beste bi auzotara zabaldu dute

Joan den otsailean jarri zuten martxan modu esperimentalean Donostia Kirolak, Osakidetzako Donostialdeko ESI-k eta Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendariordetzak PIZTU! Programa Donostiako Intxaurrondo auzoan, pertsona ez aktiboei zuzendutako jarduera fisikoko preskripzioa, orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko. Programa honek mugitzeko ohitura ez duten pertsonengan kirol ohiturak sortzea du helburu, haien osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.

Emaitza on hauek ikusita, programa hau beste bi auzotara zabaltzea erabaki da: Amara eta Bentaberrira. Urriaren 16tik aurrera, Amarako Osasun Zentroko medikuak Paco Yoldi kiroldegira ari dira bideratzen jarduera fisikoa egitea behar duten pertsonak, eta Antiguako Osasun Zentrokoek Bentaberri kiroldegira bidaliko dituzte, non Donostia Kirolaren teknikari adituak artatuko dituen.

Aholkularitza zerbitzu hau dohainik da, eta udal kiroldegietan kokatzen da. Instalazio hauetan, Osasun Zentroko medikuek emandako jarduera fisikoa egiteko preskripzioa ("kirol errezeta") jasotzen duten pertsonak monitore aditu batek orientatzen ditu.

Bere medikuak eman dion errezeta horrekin kiroldegira hurbiltzen diren pertsonak (aurretiko hitzorduarekin), monitore batek artatzen ditu eta lau asterako plan bat egiten die, bere nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lau aste buruan, berriro berarekin biltzen da eta, epe horretan sor daitezkeen zalantzak eta eragozpenak argitzeaz gain, hurrengo hamabi hilabeteetarako plana egiten diote. Bosgarren eta hamabigarren hilabeteetan ere bere jarduera fisikoaren mailaren jarraipena egiten du ere monitore honek.

Intxaurrondon azken hilabete hauetan garatu den esperientziak oso ondo baloratu dute programa hau bultzatzen duten hiru erakundeek (Donostia Kirola, Osakidetzako Donostialdeko ESI eta Osasun Publikoko Zuzendariordetza).

Hobekuntza nabarmena

Intxaurrondoko Osasun Zentroan 156 pertsonek jaso dute kirol errezeta hau, eta horietatik %32a (49 pertsona, 26 gizon eta 23 emakume) kiroldegira bertaratu da kirol praktikarekin hasteko aholkularitza jasotzeko. Pertsona sedentario hauen %75a 50 urte baino gehiago dute, eta obesitate, min artikular, hipertentsio edo diabetes arazoak dituzte, beste patologien artean.

PIZTU! programa honetan parte hartu duten pertsona hauek, bere sedentarismoa murriztu dute astean ordubete eta hamabost minutu, eta %50a osasun egoera hobean daudela adierazten dute. Partaideen %90ak oso ondo baloratu dute programa hau.

Programa honen barruan ere, osasun talde bat sortu da oso profil mediku zehatza zeukaten pertsonekin: pertsona sedentarioak eta ez aktiboak 25 eta 35 arteko IMC-arekin, eta era berean hipertentsioa eta/edo diabetes-ekin tratamendupean.

Pertsona hauek bere medikuak zuzenean bidaltzen zituen eta bere gaixotasuna kontrolpean zeukaten, dagozkion medikazioarekin, jarduera fisikoa egiterakoan egon zitezkeen arriskuak saihesteko.

Astean bi saioko osasun talde honetan parte hartzeak partaideen egoera fisikoa nabarmen hobetu du. Oso emaitza onak izan dituzte indarrean, zalutasunean eta kardiobaskular gaitasunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos