Pertsonen garapenerako lanabes ere izan daiteke baratzea

Gero eta jende gehiago saiatzen da lurrarekiko harremana berreskuratzen./IIÑIGO ROYO
Gero eta jende gehiago saiatzen da lurrarekiko harremana berreskuratzen. / IIÑIGO ROYO

Baratzeterapiari buruzko jardunaldia Hernanin, Jakoba Errekondo eta Mark Olomi adituen eskutik

Astearte honetan, otsailak 13, baratzeterapiari buruzko jardunaldia egingo da Hernanin, Karabeleko ekonekazaritza etxaldean. Goiz osoan zehar (9:00etatik 13:00etara), adituen hitzaldiak entzun ahal izango dira, eta baratzea pertsonen gaitasunak lantzeko baliatzen duten Gipuzkoako zenbait proiektu aurkeztuko dira. Ikuspegi horrek urrats bat harago darama baratzeen ekarpena, barazkiak landatu eta biltzeko ez ezik "pertsonen autonomia garatzeko eta gaitasunak eskuratzeko" erabiltzea proposatzen baitu, horixe delarik baratzeterapiaren xedea. Ekimenaren berri emateko zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez, baratzean "funtzionamendu fisiko eta kognitiboa hobetzen da, baita gizarte-ohiturak landu eta ohitura osasungarriak indartu ere, ongizate fisikoa eta psikologikoa lortze aldera".

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duen Karabeleko ekonekazaritza etxaldeak antolatu du jardunaldia, "lurra lantzearen onurei buruz ikasteko". Baratzegintzaren munduan ezagunak diren bi hizlarik hartuko dute parte saioan: Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak eta Kataluniatik etorritako Marc Olomi baratze-terapeuta eta ingurumen zientzietan adituak. Hernaniko alkate Luis Intxauspek emango dio hasiera baratzezaintzaren munduko eta gizarte-arloko teknikariak nahiz gaian interesa duten pertsonak elkartuko dituen jardunaldiari. Errekondo 9:30etik 10:30era arituko da, 'Lurretik dator jendartearen kalitatea' hitzaldia eskainiko duelarik, euskaraz. Ondoren, 10:30etik 11:30era, Marc Olomik baratzeterapiaren oinarriak azalduko ditu, gaztelaniaz.

Saioaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, "baratzegintza helburu terapeutikoekin baliatzea oso barneratua dago Erresuma Batua, Irlanda, Alemania, Kanada edo Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeetan, eta diziplina honen eraginkortasuna frogatua daukate. Terapeuta baratzezainen eskutik, pertsonen autonomia garatzeko eta gaitasunak eskuratzeko xedea du baratzeterapiak. Horrela, funtzionamendu fisiko eta kognitiboa hobetzen da, baita gizarte-ohiturak landu eta ohitura osasungarriak indartu ere, ongizate fisikoa eta psikologikoa lortze aldera".

Ingurumenari, naturari edota elikadura osasuntsuari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaien honetan, "ugaritzen ari dira lurrarekin lotutako ekintzak, banaka, familian zein komunitatean gauzatzen direnak: eskola baratzeak, baratze parkeak, herri baratzeak, inklusio baratzeak, elkarteen lur eta baso erosketak, eta kontsumo taldeak". Baratzea pertsonen gaitasunak lantzeko baliatzen duten proiektuak ere ari dira garatzen, eta horietako hiru aurkeztuko dira saioaren amaieran. Karabelekoa bera, Arraztalo elkartea eta Uzturre-Herrikide-Nagusilan baratzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos