Pertsonak airetik eraman zituen lehen transbordadorea

Uliako teleferikoan, 1916 urtean.
Uliako teleferikoan, 1916 urtean. / Foto Car Funtsa/Kutxa Fototeka

Donostiako Uliako transbordadorea itxi zenetik 100 urte pasa direnean, Eureka! Zientzia Museoak, 'Leonardo Torres Quevedo: airearen konkista' erakusketa prestatu du

M. IMAZDonostia

1912an oraindik ere gora eta behera dabilen Igeldoko funikularra martxan jarri zutenerako, bazegoen Donostian jendea mendi tontor bateraino igotzen zuen ibilgailu berritzaile bat: Uliako transbordadorea, 1907ko irailean inauguratua. 280 metroko distantzia eta 28ko desnibela (Igelduko funikularrak 151 metrokoari egin behar dio aurre) gainditzeko hiru minutu eta erdi behar zituen saski moduko hartan 18 bidaiari kabitzen ziren bidaia bakoitzeko, eta oso erabilia izan zen martxan egon zen bigartean, hiriko aisialdi gune nagusietakoa baitzen Ulia. Tamalez, 191oean Martutenen eta 1912an Igeldon inauguratu ziren jolas eta aisialdirako parke berriek konpetentzia gogorra egin zioten oso bestelako entretenimenduak eskaintzen zituen Ulia mendiari, eta moteltzen-moteltzen joan zen, harik eta 1917an transbordadorea bera itxi zen arte.

Ehunurrenaren harira, 'Leonardo Torres Quevedo: airearen konkista' erakusketa prestatu du Donostiako Eureka! Zientzia Museoak, Torres Quevedo eta hark diseinatutako transbordadorea ez baitziren nolanahikoak izan. Uliakoa izan zen, hain zuzen, elezaharretako pertsonaiak eta hegazkinak kenduta, munduan jendea toki batetik bestera airetik eraman zuen aurrenetakoa, ez bazen aurrenekoa izan. Donostian egindako saioa, izugarri arrakastatsua teknikaren ikuspegitik, ezinbestekoa izan zen 1852an Molledon (Kantabria) jaio eta Bilbon bizitako Torres Quevedo aintzindariari 1916az geroztik Niagarako ur-jauzietan martxan dagoen 'Spanish Aerocard' delakoa egiteko. Izan ere, 'Torres Quevedo' sistemarekin funtzionatzen jarraitzen duen teleferiko bakarra den gailu mitiko hori Donostiakoaren kopia dela esan daiteke.

Bi erakusketa jarraian

Ostiral honetan, uztailak 7, zabaldu den erakusketa ingeniariaren bizitzari eta airearen konkistarako egindako ekarpenei buruzkoa da, eta hiru zatitan dago banatua: baloi gidatuak, telekinoa eta aireko transbordadoreak. Hiru zatitan, eta bi alditan, erakusketa bakarra baino bi erakusketa jarraitu prestatu baitituzte. Hain zuzen ere, abuztuaren 31era arte izango da ikusgai Newton aretoan baloi gidatuei eta telekinoari buruzko erakusketa (astelehenetik ostiralera 10-20 ord. Asteburu eta jai-egunetan 11-20). Hori itxitakoan, transbordadoreei buruzkoa zabalduko da. Montessori aretoan izango da ikusgai, irailaren 1etik 30era.

Baloi gidatuei buruzko atala Torres Quevedok arlo horretan historiari egindako ekarpena erakusten duten 16 paneleko sorta bat da, eta honako alderdi hauek erakusten ditu: lehen baloi gidatuen diseinua, Montgolfier anaien igoaldiak, patenteen erregistroa, tripulazioarekin eta tripulaziorik gabe egindako lehen probak, Torres Quevedo asmatzaileak XX. mendean egindako ekarpenak eta haren ideien iraupena egungo baloi gidatuetan.

Telekinoaren atalean, berriz, Torres Quevedok historiako lehen urruneko agintearen asmatzaile gisa egindako ekarpena dago zehaztuta. Telekinoa, hain zuzen, baloi gidatuak telekontrolatzeko helburuarekin diseinatu zen. Atal honetako paneletan azaltzen denez, Torres Quevedok 1902ko abenduaren 10ean patentatu zuen Telekinoa Frantzian.

Egun horietan museora hurbiltzen diren bisitariek Leonardo Torres Quevedoren busto bat, haren bizitzari buruzko eta zientziari egin zion ekarpen emankorrari buruzko informazioa eta haren azterketa eta diseinuekin zerikusia duten objektuak ikusi ahal izango dituzte. Transbordadoreen txanda iristen denean, berriz, panelez gain Donostiako transbordadorearen maketa bat ere ikusi ahal izango da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos