Pertsona bakoitzeko 170 kilo janari xahutzen dira urtean Gipuzkoan

Artxiboko argazkian, zaborretara botatako janari erabilgarria berreskuratzen duen talde bateko kideak. Argazkia Madrilen egina da./
Artxiboko argazkian, zaborretara botatako janari erabilgarria berreskuratzen duen talde bateko kideak. Argazkia Madrilen egina da.

Guztira 123.000 tona elikagai alferrik galtzen dira. 'Saving Food' proiektua jarriko da abian horri aurre egiteko

Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Impact Hub Donostiarekin batera egindako diagnostikoak azaleratu duenez, Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen dira urtean. Hau da, 170 kilo pertsona bakoitzeko. Gaiaren inguruko jardunaldia egin da astelehen honetan Donostian eta, diagnosiaren emaitzen berri emateaz gain, 'Saving Food' proiektua aurkeztu da.

Deustuko Unibertsitatearekin, Ausolanekin eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean jarriko da martxan proiektua, «Gipuzkoako ostalaritzan kozinatutako elikagaien bilketa ezartzeko eta sukalde zentraletan sortzen diren elikagai kozinatuen soberakina aprobetxatzeko». Horren bidez, egunero 50 anoa inguru aprobetxatu ahal izango dira.

Irtenbide bila

Elikagaien xahuketaren alorrean bi jarduera berri abiarazi ziren 2017 urtean, prebentzionari lehentasuna ematen diotenak biak. Alde batetik, diagnostiko bat egin zenGipuzkoako elikadura sisteman gertatzen den xahuketari buruz. Diagnostiko horrek azaleratu du Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen direla (%23a alferrik galdutakoa eta %77 galerak), bereziki etxeetan eta ostalaritza sektorean (hotel, jatetxe eta kafetegietan). Bestetik, emateko modukoak izan daitezkeen ostalaritza sektoreko soberakin kozinatuen kuantifikazioa egiten hasi zen. Ekimen horri esker, proiektu pilotu bat abian jarri ahal izan da, Ausolan enpresaren eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren laguntzaz, Ausolaneko sukalde zentraletan sortzen diren elikagai kozinatuen soberakina aprobetxatzeko. Laster abian jarriko den proiektu honen bidez, esan bezala, egunero 50 anoa inguru aprobetxatu ahal izango dira.

Mundu mailako arazoa

Arazoa oso hedatuta dago munduan, batez ere herrialde aberatsetan. Foru Aldundiak ohar baten bidez gogoratu duenez, «munduko populazioaren zati handi baten kontsumoak bere oinarrizko premiak asetzeko eskasegia izaten jarraitzen duen bitartean, munduan ekoizten diren elikagaien herena xahutu egiten da, FAO erakundeak dioenaren arabera. Horren aurrean, garapen jasangarriko helburuak, 2030. Urterako, erdira murriztu nahi du biztanle bakoitzeko elikagaien xahuketa. José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak azaldu du Gipuzkoak ere baduela horren berri: «Gure Departamentua lanean ari da elikagaien xahuketa prebenitzeko, lurraldeko hondakinen kudeaketa plangintzaren, ekonomia zirkularraren eta hondakinen hierarkiaren ildotik».

Proposatu diren neurri guztiak ez dira berriak. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera hasi zen lanean 2007. urtean, herritarren artean «azken minutukoak» (galkorrak izan arren arazorik gabe kontsumi daitezkeen produktuak) gisa ezagutzen diren eta saldu ezin diren elikagai kontsumigarrien bilketa egiteko. Elkarlan emankor horri esker, azken urteetan 800.000 kilo elikagai inguru bildu eta banatu dira urtero. Familia gipuzkoar askoren beharrak arintzeaz gain, arazorik gabe kontsumi daitezkeen elikagaiak hondakin moduan kudeatzea saihestu da, hondakinen hierarkiaren lehen mailari balioa emanez: prebentzioari.

Ingurumeneko Diputatuak nabarmendu du elikagaien zarrastelkeria Klima Aldaketaren aurka borrokatzeko «beste neurri bat» dela. «Alferrik galdutako elikagaiek herrialde bat osatuko balute, munduan berotegi-efektuko gas gehien sortuko lukeen hirugarren herrialdea izango litzake, Txinaren eta Amerikako Estatu Batuen ondoren. Horregatik, elikagaien zarrastelkeria arazo nagusietako bat bezala hartu behar dugu», adierazi du Asensiok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos