Oporrak baliatuz, hobekuntza lanak 256 ikastetxe publikotan

Pintaketa lanetan ikastetxe batean.

Hezkuntza Sailak 4,2 milioi euro bideratu ditu aurten udako opor garaian eskoletan burutzen ari diren obra txiki hauetarako

Hezkuntza Saila 256 ikastetxe publikotan ari da uda honetan instalazioak egokitu eta hobetzeko lanak burutzen, ikasleen opor garai bete-betean. Ikasturte berrirako eskolak egoki atontzea helburu hartuta, eta instalaziook funtzionaltasun, erabilgarritasun nahiz segurtasun maila egokietan zaintzeko xedez, Hezkuntza Sailak orotara 4,2 milioi euro bideratu ditu aurten udan burutzen diren lan hauetarako.

Obra txikiak dira guztiak, konplexutasun teknikorik gabeak, eraikuntza-lanik edo diru-kopuru handirik behar ez duten lanak, eta proiektu teknikorik eskatzen ez dutenak. Ezaugarri hauei esker lanen kontratazioa modu erraz eta arinean egin daiteke, eta beraz, Hezkuntza Sailak ere azkarrago eta eraginkortasun handiagoz eman diezaieke erantzuna ikastetxeek ikasturte berrirako dituzten premiei.

Ikastetxeak hutsik dauden garaia baliatuta, eta hortaz, hauen eguneroko martxan trabarik egin eta eragozpenik eragin gabe, udako opor garaia egokia da, besteak beste, gisa honetako lanak burutzeko: estalgarriak eta akaberak taxutu; zoru nahiz sabaiak konpondu; espazioak birbanatu; gas edo elektrizitate instalazioak berritu; eraikuntza-elementuak egokitu; leiho eta kristalak aldatu; barneko arotzeria-osagaiak konpondu; kanpoaldeko zoladurak egokitu; pintaketa lanak egin; kanilak, erradiadoreak edo argiteria aldatu… eskola-instalazioek behar duten edozein konponketa txiki, azken finean.

Instalazioak egokitu eta hobetzeko lanak egiten ari diren 256 ikastetxe horien artean, 87 Haur eta Lehen Hezkuntzakoak dira (10 ikastetxe Araban, 49 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan), eta gainerako 169ak aldiz, Bigarren Hezkuntzakoak (13 Araban, 79 Bizkaian eta 77 Gipuzkoan).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos