Oñatin dena prest Kilometroetarako

Ugarte, Ibarzabal, Artola, Egibar eta Guridi
Ugarte, Ibarzabal, Artola, Egibar eta Guridi

Auto partikularrek ezingo dute Udanatik behera azaldu. Festaren osagaietako bat Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa izango da

FELIX IBARGUTXI

Oñatiarrak Donostiara etorri dira, Ikastolen Etxera, hilaren 24ko Kilometroen festa aurkeztera. ‘Lekaixoka’ du leloa aurtengo jaiak, oihu batekin deitzen zitzaiolako jendeari garai batean, auzolanean parte har zezan, eta KMK hau ere auzolanean antolatu omen dute. Hamasei bazordek jardun dute lanean urtean zehar eta 24an 1.600 boluntario ariko dira.

Bigarren aldia da KMK Oñatin egiten dena. Ohitura izaten da urriaren lehen igandean egitea, baina sanmigelak direla eta zortzi egun aurreratu dute oñatiarrek. Bost kilometro inguru ditu aurtengo zirkuituak, eta 1989ko haren oso antzekoa da, baina kontrako noranzkoan egingo da aurten.

Lau gune nagusi

Zirkuituak lau gune nagusi lotuko ditu. Plazakoa izango da lehenengoa eta handiena, eta bertan izango da irekiera ekitaldia, 09:30ean. Plazatik, Kale Barrian gora abiatuta, bigarren gunera iritsiko da bisitaria, San Martinera. Han, landa ingurunean sartuko da, naturarekin harreman zuzenean. Asentzioko ermita inguruan kokatuko da hirugarren gunea, eta handik Berezaora egingo du, laugarren gunera.

Berezao atzean utzita, berriz ere hirigunera sartuko da herritarra, lehenengo gunea dagoen plazara iristeko.

Landa ingurunea eta hirigunea uztartzen dituen zirkuitua guztiek parte hartzeko modukoa da. Ibilbidea asfaltatuta dago bere osotasunean eta ez dago aldapa nabarmenik. Hain justu ere, irisgarritasuna izan da zirkuituaren osaketan oso kontutan izan den irizpidetako bat.

Zirkuituak bi sarrera soilik izango ditu, biak ala biak plazako gune nagusira. Bata kiroldegi parean egokituko da, bigarrena Sietevientos edo Zazpibidietako bidegurutzean.

Udana, itxita

Trafikoari dagokionez, Elorregitik (San Prudentzio) baino ezin izango dela joan Oñatiraino. Udanako mendatea itxita egongo da ibilgailu partikularrendako . Soilik autobusak pasatu ahal izango dira. Bi arrazoi nagusi daude erabaki horren atzetik: lehenengoa Udanatik behera etorrita, herrian ez dagoela gune aproposik aparkalekuak antolatzeko. Hori dela eta, herriaren beste aldean, Zubillaga aldean kokatu dituzte eguneko aparkaleku guztiak. Bigarren arrazoia, Udanatik etorriz gero zirkuituaren zati bat zeharkatu beharko lukete autoek, eta hori ezinezkoa da.

Guztira zortzi aparkaleku handi egongo dira prestatuta egun horretarako. Hilerriaren inguruan 350 autobusendako tokia egongo da. Autoendako egokitutakoen artean herritik gertuen dagoen aparkalekua Otadui zuhaiztikoa izango da; 400 bat autorendako tokia egongo da han. Bi gune horietatik zuzenean sartuko dira herritarrak zirkuitura. Beste aparkalekuak Torreauzon, Ulma eraikuntzak enpresan, Fagor Showroom gunean, Lana eta Stadler inguruan Ulma Piping eta Mekalki aurrean eta suhiltzaileen ondoan izango dira. Azken sei gune horietatik lotura-autobusak egongo ira herrigunera joateko.

Bestalde, inguruko herrietakoei bizkletaz joateko deia egin diete. Bidegorritik bizikletaz joateko bi topagune egongo dira. Arrasateko Eroskin eta Labegaraietan, 10:00etan elkartuko dira. Horiek denak 10:30ean Elorregin elkartuko dira, elkarrekin Oñatira joateko. Institutu aurrean egongo da bizikletendako aparkaleku erraldoia eta zainduta egongo dagoizetik iluntzera arte.

Artzain Txakur Txapelketa

Urtero Oñatin ospatzen den Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketak eta Kilometroak 2017k bat egin dute eta ikastolen festara doazenek lehiaketa hau ikusi ahal izango dute. Zirkuituaren bigarren gunean bertan izango da, Santa Lutziako zelaian. Erronkako finala zelai horretan bertan egingo da eta gainera, keinu bat egingo zaio finalean Artzain Txakur Txapelketari; izan ere, goizeko lehiaketan egindako froga errepikatu beharko dute erronkalariek, begiak itxita.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos