OlatuKoop-ek Saretze Eguna egingo du larunbat honetan, Azpeitian

Dozena bat enpresarekin sortu zen orain dela lau urte (aurkezpenekoa da argazkia), eta 26 kide dira gaur egun./
Dozena bat enpresarekin sortu zen orain dela lau urte (aurkezpenekoa da argazkia), eta 26 kide dira gaur egun.

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareak kide berriei harrera egingo die, eta «sistema kapitalistak alternatibak badituela» erakusteko baliatuko du eguna

EUROPA PRESS

OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailearen sareak Saretze Eguna ospatuko du larunbat honetan, ekainaren 9an, Azpeitiako San Agustin Kulturgunean. Beste era bateko ekonomia, ekoizpena, kontsumoa eta lan harremanak posible direla aldarrikatzeaz gain frogatu ere egiten duten proiektuz osatutako sarea orain dela lau urte sortu zen. 2014ko maiatzean aurkeztu zen hain zuzen jendaurrean OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailearen sarea, ekonomia bizitzaren zerbitzura jarriko duen «olatu kooperatibo berri bat» sustatzeko asmoz. Autoeraketa eta demokrazia ekonomikoa, gardentasuna, jendartearen ongizatea eta elkartasuna dira bere oinarri irekietako batzuk.

Dozena bat kiderekin sortu zen, eta gaur egun 26 enpresa eta proiektu biltzen ditu OlatuKoop-ek. 26 horietatik, 14 enpresa komunitario bazkideak dira, eta beste 12 kideak. Saretze Egunaren baitan, besteak beste, kide berrien proiektuak ezagutzeko aukera izango da.

Gainera, urtebete iraun duen prozesu parte hartzailearen ondorioz, OlatuKoop barne mailan egituratu da, batzordeak eta lantaldeak sortu ditu, eta idazkaritza eratu du egitasmoak aurrera eramateko, bere arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Urteotan ibilbide oparoa izan du sareak. Horrela, besteak beste, KoopFabrika programa jarri du martxan hainbat eragilerekin lankidetzan, komunitatearen beharretatik abiatu eta, proiektu berrien bideragarritasuna ez ezik, bizigarritasuna aintzat hartzen duen ekintzailetza eredua sustatzeko.

Horrez gain, memoria kooperatiboa berreskuratzeko eta ekonomia sozial eraldatzailea ikusgai egiteko Batura bezalako ekimenak garatu ditu. Halaber, merkatu sozialetan eta Euskal Herriko agenda sozialean «parte hartze aktiboa» izan du.

«Alternatibarik ez dagoela dioen sistema kapitalistaren aurrean, gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen beste eredu bat eskaintzen duen ekonomia sozial eraldatzaile eta solidariora. OlatuKoop sareak izandako hazkundea da horren erakusgarri», azaldu dute.

Azken urtean barne egituraketa fasean murgilduta egon da OlatuKoop eta parte hartzeko aukerak ugaritu ditu, bazkide ala kide izan edo lankidetzak eginez. Elkarren artean koordinatuta dauden batzorde eta lantaldeak ere sortu ditu, eta idazkaritza eratu du egitasmoak aurrera eramateko.

Larunbat honetan izango dute urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat OlatuKoop sarea osatzen dutenek, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean antolatu duten Saretze Egunean. Kooperatiba eta enpresa komunitario berriei harrera egiteaz gain, ekonomia sozial eraldatzailearen oinarriekiko konpromisoa berretsi eta beste eragile nahiz norbanakoei eredu hori azaltzeko baliatuko dute eguna.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos