Ogiari egunero egin behar zaio tartea otorduetan

Urretxuko Endaia okindegia, kanpainan parte hartuko duenetako bat./
Urretxuko Endaia okindegia, kanpainan parte hartuko duenetako bat.

Farmazalariek, dietista-nutrizionistek eta okinek bat egin dute 'Ogia egunero' kanpaina bultzatzeko

Asteazken honetan abiatuko den 'Ogia egunero' kanpainan Gipuzkoako 47 okindegik ez ezik farmazialariek eta dietista-nutrizionistek ere hartuko dute parte, bat egin baitute hiru kolektibo horiek kontsumitzaileoi esateko «topiko faltsuak» baztertu behar direla, eta ogiari egunero egin tarte bat otorduetan.

Kanpaina, esan bezala, asteazken honetan abiatuko da, maiatzaren 16an, okinen eta gozogileen zaindari den San Honorato egunarekin batera. Kanpainaren barruan Gipuzkoa eta Arabako zenbait okindegitan burutuko diren dastatzeen bitartez, bezeroek okindegi horietan egindako ogiaren ezaugarriak eta kalitatea ezagutuko dituzte. Gipuzkoako Okinen Elkarte den Agipaneko bazkideen ogiak dituen ezaugarriak eta kalitatea erakusteko helburuarekin, Gipuzkoako 47 okindegik eskainiko dizkiete euren bezeroei ogi mota ezberdinen doako dastaketak. Hilaren 16tik 20ra kanpainan parte hartzen dutenek landa-turismo batean egonaldia eta 200 ogi-sorta baino gehiago irabazi ahal izango dituzte.

Badira, horrez gain, okinek farmazialarien eta dietista-nutrizionisten laguntzarekin baztertu nahi dituzten elikaduraren inguruko zenbait mito. Hala, nabarmendu nahi dute ez dela egia ogiak loditu egiten duela, eta ez dela egia dietan dagoenak ezin duela ogirik jan (ikerketa kliniko batzuek kontrakoa frogatzen dute).

Jakinarazi nahi dute, bestalde, egia dela ogitartekoa merienda ona dela, ogiak ez duela gantzik eta ez duela kolesterolik

Testuinguru honetan, Agipaneko presidente Mikel Garmendiak honakoa azpimarratu du: «Gipuzkoako okinek geure bezeroei produktu onena eskaintzeko lan egiten dugu egunero, lehengaiak eta obratzaileen lana zainduz, baita salmenta-puntuan aholkularitzari eta produktuaren aurkezpenari garrantzia emanez ere. Sektore dinamikoa gara eta, «Primerako Ogia – Made in Gipuzkoa» geure esloganari leial, produktu-sorta zabala eskaintzen diogu kontsumitzaileari».

Bestalde, Arabako Okindegien Elkarteko presidente Oskar Garrok «geure produktua» nabarmendu du, supermerkatuetan saltzen den produktuarekin alderatuta: «Euskal okindegietan mimoarekin eta arretarekin egindako ogiak ez du zerikusirik azalera handietako saltzaileek saltzen dutenarekin».

Zentzu berean, Euskadiko Farmazeutikoen Kontseiluak adierazi du okinekin hasi berri duen elkarlana «aukera paregabea» dela diziplina ezberdinetako profesionalak ogiaren kontsumoaren inguruko gizarte-kontzientziazioan batzeko. Kontseiluko ordezkariek bezeroei informazioa eskaintzeko proposamena aintzat hartu dute, bihar burutuko den jarduera kasu: Herritarrei ogiaren onuren inguruan informazioa eskainiko zaie, baita produktu horri buruzko mezu kontraesankorrak argitu ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak bezeroari ogiari buruzko informazio zuzena eman behar zaiola defendatu du, produktu honek izan duen bidegabeko fama txarrari aurre egiteko. Ogia geure dietan oso sustraitua dagoen produktua dela diote, eta «erabat egokia eta guztiz gomendagarria» den elikadura-profila duela.

Kanpainaren funtzionamendua eta zozketetan parte hartzeko oinarriak Agipanen Facebookeko perfilean aurki daitezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos