Nola bihurtu datu nahaspila informazio baliagarri

Ezkerretik eskuinera, Edurne Otamendi, Mikel Ayestaran, Diana Franco eta Iñaki Alegria./
Ezkerretik eskuinera, Edurne Otamendi, Mikel Ayestaran, Diana Franco eta Iñaki Alegria.

Ostiralean Tabakaleran egingo den 'Geomatika eta inteligentzia espaziala' jardunaldian Geografia Informazio Sistemen zenbait aplikazio-eremu aurkeztu eta aztertuko dira, adibide zehatzak erabilita

N. AZURMENDI

Geomatika ez da egunero erabiltzen den hitza, nahiz eta gero eta ezagunagoa eta erabiliagoa izan. EHUk, esaterako, badu Geomatikan eta Topografian Ingeniaritzako gradu bat, eta itxuraz etorkizun handiko lanbideen artean dago. Oro har, sinonimotzat jo daitezke geomatika eta inteligentzia espaziala. Biek aka biek barne hartzen dituzte informazio geografikoaren bilketa eta ustiapena (azterketa, interpretazioa, hedapena, erabilera, produktuak...) ahalbidetzen duten baliabideak. Eta jende asko dago interesatuta, jendaurrean aurkeztu baino lehen bete baitira, itxaron-zerrenda eta guzti, ostiral honetan, hilak 17, Donostiako Tabakalera Hirikilabs gunean egingo den 'Geomatika eta Inteligentzia espaziala 2017' jardunaldian parte hartu ahal izateko plazak.

UEUk eta GISLANek antolatutako jardunaldian zehar GIS edo Geografia Informazio Sistemek dituzten aplikazioak aztertu eta aurkeztuko dira, ikuspegi orokor batetik goiz partean eta adibide zehatzen bidez arratsaldean. Jardunaldien aurkezpenean Iñaki Alegria UEUko zuzendariak azaldu duenez, UEUren egiteko nagusien artean daudenez "topaguneak sortzea eta Euskal Herriko gizarteak dituen beharrei erantzutea da", bete-betean egokitzen zaio jardunaldia erakundearen izaerari. Donostiako Udala du babesle, eta horren izenean Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuburuak nabarmendu du euskararen biziberritzeak ezinbestean izan behar dituela kontuan teknologia berriak. Zorionez, "pertsona eta erakunde ugariri esker, garapen aurreratuya du" arlo horretan, eta garapen-maila horren adibiderik argiena da euskaraz egingo dela oso-osorik saioa.

Diana Franco Tabakalerako Kultura digital eta teknologia laborategiaren arduradunaren ustez, berriz, bat dator jardunaldia Hirikilabs laborategian garatu diren eta garatzen ari diren zenbait proiekturekin. Jardunaldian aurkeztuko da, esate baterako, Hirikilabsen baitan Ibai Zabaletak eginiko 'Airbnb efektua Donostian' lana. "Teknologia gero eta eskuragarriagoa eta erabilgarriagoa da hiritarrentzat eta UEUtik topaketa hau Hirikilabs-en egitea proposatu zuenean interesgarria ikusi genuen, teknologia hauekin hiritarrok proiektu aktiboak -hau da, gure inguruan eragin dezaketen- proiektuak garatzeko aukera dugulako".

Osatua eta eskuragarria

Azalpen zehatzakGISLANeko lehendakari Mikel Ayestaranek eman ditu, aurreratuz ostiralean "gauza dezente eta ezberdinak" ikusiko dira. Funtsean, baina, ikusiko da nola bihurtu daitekeen datu nahaspila informazio baliagarri, nola prozesatu eta ustiatu daitekeen informazio espaziala. Azken batean, aztertuko da zein diren GIS edo Geografia Informazio Sistemen aplikazioak, kontuan izanda GISak direla "mapa eta datu baseen bidez aldagai ezberdinak adierazi eta aztertzeko sistemak"; "fenomeno ezberdinak lurraldearen gainean aztertzeko tresnak".

Bi alde nabarmendu ditu Ayestaranek. Batetik, Euskal Herrian dagoen infomazioaren kalitatea. "Euskal Herrian dugu munduko datu espazialen azpiegitura osatu eta eskuragarrienetakoa", adierazi du. Datuak hornitzeaz administrazio publikoak arduratzen dira batik bat. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako GeoEuskadiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko B5M plataformetako kideak izango dira hizlari jardunaldian, Xabier Garitano eta Juan Mari Celigueta, hurrenez hurren, eta Nafarroako IDENA eta Ipar Euskal Herriko informazioa biltzen duen Frantziako Geoportal ere aurkeztuko dira.

"Azken urte hauetan, software librearen garapenarekin, oso alor ezberdinetan aplikatzeko aukera ireki da. Demokratizatu egin dira GISak" MIKEL AYESTARAN, GISLAN

Ayestaranek nabarmendu duen bigarren elementua GISen "demokratizazioa" da. Duela gutxi arte alor oso espezializatuek erabili izan dituzte lizentziak, kostuak medio. Azken urte hauetan, ordea, software librearen garapenarekin, oso alor ezberdinetan aplikatzeko aukera ireki da eta. Egun, osasun azterketekin hasi, biologia zein geologiako azterketa ezberdinetatik pasa, arkitektura eta hirigintzarekin jarraitu eta udaletako zerbitzu sozialetarako erabilerak ikusi daitezke han eta hemen. Izan ere, lurraldearen gainean adierazi daiteke ia edozein aldagai eta horrek hamaika arlotan aztertzeko eta errealitatea ikusteko aukera berriak eskaintzen ditu. Metodologia indartsua da, beraz, bizi ditugun garaiotan", esan du. Garapen hori bultzatu egin du administrazioetan nagusitzen ari den 'open data' edo datu irekien aldeko apustuak.

Arratsaldeko saioan sei kasu praktiko eta zehatz aurkeztuko dira, aplikatzaikean baitira "teknologia honek bere helburua bete dezan, gako nagusia". Hernaniko udalaren GIS proiektuaren arrakasta kasuari eta Miarritzeko terrazen bidezko espazio publikoaren okupazioari erreparatuko diote, erakundeen kudeaketaren ikuspegitik. Hirikilabs-ek Donostiako etxebizitza turistikoek etxebizitzaren egoeran izan duten eraginaren inguruan egindako lan mamitsua ere izango da aztergai. Euskal Hiriburuen Iraunkortasunerako Adierazle Sistema aurkeztuko du Gaindegiak, eta EHUko biologo German Velayosek saguzarrentzako habitat potentzialen predikziorako GIS modeloa aurkeztuko du. Goizean tailer bat eskainiko duen Gorka Kobeagak, bestalde, mapa dinamikoen bidez UDALMAPeko datuen irudikatze ezberdinak erakutsiko ditu.

Ostiraleko jardunaldiak badu beste bereizgarri bat: euskara hutsezkoa izatea. "Egunerokoaren kudeaketan eta ezagutzaren eremuan leku nabarmena hartzen ari den teknologiaren oraina eta geroa aztertzeko parada izango dugu, kasu errealetatik abiatuz, eta dena euskaraz gainera", azaldu du Ayestaranek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos