Neskak zientziara eta teknologiara erakartzeko egitasmoa

Leire Bilbao, Miren Elgarresta, Asier Perallos eta Leire Cancio, Foru Aldundian egindako aurkezpenean. / GFA

Deustuko Unibertsitateak sustatutako Inspira proiektuaren bigarren edizioa EAEko hiru lurraldeetara zabalduko da

Azken urteetan, ikasturtero neskak dira nagusi aurreneko aldiz unibertsitatera joango diren ikasleen artean. Banaketa egiteko orduan, baina, nagusitasuna galdu eta gutxiengo bilakatzen dira zientziarekin eta, batez ere, teknologiarekin zerikusia duten graduetan. Horri aurre egiteko sortu zen, hain zuzen, Deustuko Unibertsitateak sustatutako Inspira proiektua.

Nesken artean bokazio teknologikoa sustatzera bideratutako proiektuak Elhuyarren eta Innobasqueren laguntza du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa. Bigarren edizioan, EAE osora zabalduko da ekimena, eta horrenbestez Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban egingo da, hiru foru aldundiek babestuta. EAEn aitzindaria den proiektuak nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte. Lehenengo aldiz erabiliko da taldeko mentoring teknika STEAM deitutakoak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) sustatzeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Esperientzia asteazken honetan aurkeztu da Donostian, bertan parte hartu dutelarik Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak.

Mentoreak ikastetxeetan

Iaz, proiektuaren lehenengo edizioan, 17 emakume izan ziren 200 neska baino gehiagoren mentore, 11 ikastetxetan. Aurtengorako, 113 mentore elkartu dira, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle. Gipuzkoari dagokionez, INSPIRA proiektuarekin bat egin dute 43 mentorek, 12 ikastetxek eta 20 taldek.

INSPIRA proiektuak EAEko ikasleen artean eta, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Izan ere, teknologia arloko prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa urtetik urtera. Eta, neskei dagokienez, datuak are larriagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, esate baterako, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, % 26,4 besterik ez dira.

Proiektuak hainbat helburu eta gako ditu, besteak beste, hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak eskaintzea, neska-mutilek STEAM lanbideak ezagutzea, herrialde baten garapenean gizonek eta emakumeek parte hartzearen beharraz jabetzea, teknologiako karreren inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa eskaintzea, emakume teknologoak ezagutaraztea eta haien garrantziaz jabetzea, eta dauden estereotipoak ezagutzera ematea, ikasketen aukera baldintzatu ez dezaten.

Lerro hauen bidez, proiektuaren arduradunek deia egin nahi diete ikastetxe, ikertzaile eta ikasleei, ekimen honekin bat egin dezaten eta, horrela, guztion artean nesken bokazio zientifiko-teknologikoa indartu dadin.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos