80 nazioarteko zientzialari gazte material topologikoen inguruan

Artxiboko argazkian, aurreko edizio bateko parte-hartzaileak.
Artxiboko argazkian, aurreko edizio bateko parte-hartzaileak. / Sara Santos

'Topological Matter School 2016' ikastaroa hasi da astelehen honetan, Donostia International Physics Center-ek Udako Ikastaroen baitan antolatua

Orain dela urte gutxira arte, materialen artean bereizten ziren metalak, semimetalak eta isolatzaileak, eta kitto. Ezagutza eremua asko zabaldu da azken urteotan eta, besteak beste, barnean isolatzaileak baina azalean eroaleak diren materialak iragarri dira, aldi berean isolatzaileak eta eroaleak direnak. Azaleko egoera eroale edo metalikoak ez duenez apenas galtzen energiarik, topologikoki babestua dagoela esaten da.

Material topologikoen inguruko ikerketa alorra fisikaren esparruan gorakada handia ari da izaten azken urteetan. 2016ean, hiru fisikari teorikok Fisikako Nobel Saria jaso zuten materiaren fase topologikoen aurkikuntzagatik. Fisika kuantikoa eta topologia izeneko erreminta matematikoa erabiliz, zientzialariek bi dimentsiotako eta dimentsio bakarreko materialetan supereroankortasuna aurreikusi zuten. Hurbilketa berri honek, orain arte pentsaezinak ziren propietate exotikodun materialen aurkikuntza ahalbidetu du. Horien artean, isolatzaile topologikoak bilakatu dira ezagunenak, barrualdean isolatzaileak eta gainazaleak eroaleak diren horiek, alegia.

Eremu horrek, beraz, zientzialari gazte asko erakartzen ditu, eta horietako zenbaitek aste honetan Donostian egingo den 'Topological Matter School 2016' ikastataroan hartuko dute parte.

UPV/EHUk adierazi duenez, 80 nazioarteko zientzialari gazte bilduko dira aste honetan zehar Miramar jauregian Donostia International Physics Center-ek (DIPC) Euskal herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) uda ikastaroen baitan antolatu duen ikastaroan. ikastaroan. 'DIPC school' honek trebakuntza espezializatua eskainiko du material topologikoen inguruan, fisikaren esparruan azken urteetan gorakada handia izan duen ikerketa alorra. Dario Bercioux (DIPC) eta Reyes Calvo (CIC nanoGUNE) Ikerbasque ikerlariek eta Jérôme Cayssol, Bordeleko Unibertsiteko eta Maia G. Vergniory UPV/EHUko eta DIPCko ikerlariak osatzen dute batzorde antolatzailea.

Bost egunetan zehar, herrialde desberdinetatik etorritako Master eta doktoradutza ikasleek oinarrizko formakuntza eta aurreratua jasoko dute. Nazioartean puntako erakundeetako ikerlariak izango dituzte irakasle: Claudia Felser, Solidoen Kimika Fisika Max Planck Institutuko zuzendaria (Dresden), Alexander Altland, KoloniaUnibertsitateko ikerlaria, eta Andrei B. Bernevig, Princeton Unibertsitateko irakaslea besteak beste.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos