Musulmanen aurkako diskriminazioak gehiago eragiten die emakumeei

Artxiboko argazkian, buruan zapia daraman emakume bat Errenterian./I. PÉREZ
Artxiboko argazkian, buruan zapia daraman emakume bat Errenterian. / I. PÉREZ

Aniztasunari buruzko "ikuspegi zabal eta errealagoa" sustatuko dute Donostian egingo diren 'Islamofobia eta generoa' topaketa irekiek

'Islamofobia eta Generoa' topaketak egingo dira Donostian bihar eta etzi, urriak 6 eta 7, SOS Arrazakeriak eta UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak antolaturik, 2017an zehar Gipuzkoan eta Galizian garatu den izen bereko egitasmoari amaiera emateko. Topaketak doakoak dira eta UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Areto Nagusian egingo dira. Parte hartzeko nahikoa da izena ematea, campusean bertan Topaketen egun bereko goizeko 8:30ean. SOS Arrazakeria Federazioak eta UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Sailak. Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioa, Donostiako Kultur Aniztasun Saila, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritza eta ZAS! (Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarea) dituzte lagun.

Izan ere, islamofobiaren aurkako Herritar Plataformak salatzen duenaren arabera, 2016an Espainiar estatuan %106,2 egin zuten gora iislama erlijio dutenen edo eta halakotzat identifikatuak diren pertsonen aurkako gertakariek, 573 izateraino; Oinarrizko Eskubideen Europar Agentziak (FRA) dioenez, berriz, azken bost urteotan lan bila dabiltzan pertsona musulmanen %31 diskriminatuak izan dira, %42k kontrolak jasan dituzte gutxiengo etniko edo etorkin izateagatik. Testuinguru honetan egingo dira 'Islamofobia eta generoa'-ri buruzko topaketak, non mintzagai izango diren musulmanei eta nagusiki emakumeei eragiten dieten eguneroko diskriminazioak, haien ezaugarri fisikoek edo jazkera bereziek –buruko zapiak, urpegiko beloak…- ikusgai edo identifikagarri egiten dituzten neurrian.

2016an Espainiar estatuan %106,2 egin zuten gora iislama erlijio dutenen edo eta halakotzat identifikatuak diren pertsonen aurkako gertakariek

Bi egunetan zehar, hainbat aditu, ekintzaile, eragile eta instituzioetako ordezkarik gogoeta egingo dute kultura edo erlijio musulmana duten pertsonek jasan behar dituzten diskriminazioez, emakumeek bereziki. Topaketak helburu ditu gaiaren gaineko hausnarketa egitea eta diskriminazioei aurre egiteko moduak aztertzea.

"Ikusmoldeak ireki behar dira"

SOS Arrazakeriako Federazioko idazkari Mikel Mazkiaranen hitzetan "musulmanak eta islamofobia titularretan indartsu ageri diren testuinguruan, ikusmoldeak ireki behar dira erakusteko badirela bestelako ikusmira eta bizipenak"; premisa hau abiapuntu, Topaketek arreta jarriko diete emakume musulmanen arteko aniztasunari, Ángeles Ramírez, UAMeko irakaslearen eskutik. Instituzioen jardunbide egokiei buruzko mahai-inguruan, berriz, elkarbizitza eta aniztasuna bermatzeko instituzio publikoen eginbeharrei begiratuko zaie. Besteak beste, Fatima Taleb Badalonako Udaleko Elkarbizitza eta Partaidetza Zinegotzia izango da bertan.

Topaketen bigarren atalak oinarri izango ditu feminismoen arteko elkarrizketak; bertan izango da, besteren artean, NBEaren 2013ko Giza Eskubideen Sariaren irabazle Khadija Ryadi ekintzaile marokoarra; begiratu bat emango diote genero, jatorri edo kulturagatiko diskriminazioaz hainbat mugimendu eta kolektibo feministek diotenari.

Azterketarako beste gai bat izango dira musulmanen gaineko diskurtso sozial eta mediatiko nagusiak, oinarria baitira jarrera diskriminatzaileak, estereotipoak, aurreiritziak eta beldurrak sortzeko; atal honetan, eta besteren artean, parte hartuko dute ekintzaile queer musulman Daniel Ahmed kazetariak, Fatima Aatar #EsRacismo guneko ekintzaileak eta Islamofobiaren aurkako Herritar Plataformako Laura Navarrok.

Halaber, topaketetan hainbat emakume musulman izango dira, zeintzuek parte hartu baitute SOS Arrazakeriak Gipuzkoan eta Galizian 'Genero islamofobia' egitasmoaren baitan antolaturiko tailerretan, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren eta EBko FAMI Asilo, migrazio eta integraziorako Funtsaren laguntzarekin; bertan jakitera emango dira tailer horietan jasotako ondorio eta esperientziak.

SOS Arrazakeriarentzat, bere idazkariaren esanetan, "topaketa hau aukera da gizarte osoarentzat estereotipoak hautsi eta musulmanen bestelako errealitatea ezagutzeko, hedabideetatik jasotzen ohi dugun ikuspegi tradizionalarekiko ezberdina: ikuspegi ezkorra, egunez egun indartzen doana eta ezinbestean hautsi behar duguna, nahi ez badugu gure auzo eta herrietan elkarbizitza arazo bilakatzea". Dinamika hori iraultzeko Federazioak "estatu politika baten alde egiten du diskriminazioari alderdi guztietatik aurre egiteko, lege integral baten bidez, biktimen babes eraginkorraren bitartez eta elkarbizitza hobetzeko ahalegin partekatu handiagoaren bidez".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos