Musika, bertsoa eta lumagorria

Dantzarien agurrarekin hasi zen atzoko festa. Herriko plazan egin zen, agintariak bertan zirela. / FELIX MORQUECHOREN ARGAZKIAK

Ibilbideko lau gunetan era askotako ikuskizunak zeuden, adin guztientzako modukoak

F. I.OÑATI.

Askotariko ikuskizunak zeuden atzo zirkuituan zehar. Ibilbidea bera ere bazen nahikoa espektakulu. 1989ko Kilometroen festan ibilitako bide bera ibili zuten atzo, baina kontrako noranzkoan. Oso paraje ederrak, beti Aloña mendia ikusten delarik. Bazeuden bi berritasun nabarmen 1989ko paisaiaren aldean: San Martinen egin dituzten etxeak -babes ofizialekoak- eta Murgialdai baserriko mahastia.

Lehenengo gunean, herriko plazan bertan, 'Herrixa kantuan' ekimena gauzatu zen. Hilero biltzen dira jendaurrean Jose de Azpiazu musika eskolakoak eta Txantxiku ikastolakoak kantuan egiteko, hilero azken zapatuan izan ohi da, baina oraingoan, KMK direla eta, astebete aurreratu dute saioa.

Jose de Azpiazu musika eskolakoek ez ezik, txistulari taldeak eta herriko musika bandak ere jardun zuten; txistularien buru, Aitor Madina; bandako zuzendari, Inaxio Ibarrondo. Txistulariak bost lagun izaten dira normalean, baina egun handiak datozenetan Legazpiko batzuk azaltzen zaizkie laguntzera.

Eta herriko plazan bertan bertsotan egin zuten 14:00ak aldera Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta bertako alaba Maider Arregik. Gero, arratsaldean, Anje Duhalderen kontzertua izan zen hitzordu nagusia.

San Martingo gunean haurren-tzako tailer eta ikuskizunak zeuden batik bat. Asentziokoan, berriz, Oihan Vega jardun zen musika jar-tzen, eta arratsalde partean Perlak taldea, besteak beste.

Berezaon, despedidako kontzertua baino lehen, Huntzaren 'Aldapan gora' arrakastatsua entzun zen

Bazkaria prestatzen Iparra-Hegoa kultur elkartekoak jardun ziren, eskarmentu handiko taldea

Berezaon izan zen despedidako kontzertua, Willis Drumond ipartar taldeak emana. Eta honen aurretik Huntzaren abestiak entzun ahal izan ziren, besteak beste 'Aldapan gora' arrakastatsua.

Ibilbidean zehar, han-hemenka bazeuden jantokiak, non eusko labeleko oilaskoak eskaintzen baitziren, egur-ikatzarekin prestatuak.

Kiroldegiko bazkaria prestatzen Iparra-Hegoa kultur elkartekoak jardun ziren. Segurarrak gehienbat, baina baita Goierriko beste herri batzuetakoak ere. Eskarmentu handiko taldea da, musutruk lan egiten duena. Bera arduratzen da Barakaldoko BECeko bertsolari txapelketa finaleko otorduaz ere. Horixe izaten dute erronka zailena.

Fotos

Vídeos