Mugalarreen hitzarmena, dantza eta guzti oraingoan

Artxiboko argazkian, orain dela urte batzuetako ekitaldia./A.D.C.
Artxiboko argazkian, orain dela urte batzuetako ekitaldia. / A.D.C.

Larunbat eguerdian sinatuko da hitzarmena Lizuniagako mendatean, eta 'Mugadantza' estreinatuko da

Mugalarreen hitzarmena sinatuko dute larunbat honetan Bera, Etxalar, Azkaine, Biriatu, Sara eta Urruñako udal ordezkariek. Ohi bezala, Lizuniagako mahain-harrian izango da ekitaldia, baina aurten berritasun nabaria dago: lehen aldiz, espreski prestatutako ‘Mugadantza’ dantzatuko du Ainhoa Retegi beratarrak.

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek bost urtero berritzen duten fazerien edo mugalarreen hitzarmena sinatuko dute larunbatean eguerdiko 12etan. Lizuniagako mendatean, Sara eta Bera arteko 36. mugarrian dagoen mahain-harrian izango da ekitaldia. Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, larreak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri. Eta 2007az geroztik suteen kontrako bitartekoak ere aipatzen dira hitzarmenean.

Hitzarmen honekin, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea dute beste herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Hori bai, aziendek bere kabuz joan beharko dute larreetara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bestera eraman. Behi eta ahuntz aziendak, aldiz, ez daude hitzarmenean sartuak eta honelakoak topatuz gero, isuna jasotzen ahal dute jabeek.

Larunbat eguerdiko egitarauari dagokionez, lehenbizi Alkate soinua joko dute txistulariek. Ondoren, aurreskua dantzatuko du Gure Txokoako dantzari batek. Hitzarmenaren testua irakurri ondoren, sinatu egingo dute. Ondotik, aurtengo berrikuntza, Mugadantza dantzatuko dute. Lesakako Martxel Rodriguez dantzariak eta Gaizka Sarasola musikariak sortutako dantza da, Asier Gogortzaren ideiari segituz. Berako dantzari batek dantzatuko du lehen aldi honetan, Ainhoa Retegik. Ekitaldia bukatzeko, Agur Jaunak kantatuko dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos