"Modak duen garrantzia aprobetxatu dugu jende gehiago euskarara hurbiltzeko"

Aurkezpeneko argazkian, ekimenean parte hartu duten zenbait diseinatzaile- / UNANUE

Bost egunez, eskutik joan dira Andoainen euskara eta moda, "euskara eguneroko hizkuntza bilakatzea nahi badugu gai erakargarriekin lotu" nahi izan baitute. 'Gau txuri' batekin amaitzekoa da ekimena larunbat honetan

M.I.

Ez zaie asko falta "zer egin euskararen ezagutza eta erabileraren arteko desoreka berdintzeko?" galderari eta horren aldagai ugariei gizateriak egin dituen galdera potoloenen multzoan sartzeko. Adituak aspaldi dabiltza hausnarrean, eta etengabe ari dira plazaratzen honako edo halako hausnarketa-prozesutan ondutako gogoetak...

Eta, horrekin batera, toki askotan saiatzen ari dira arazo orokor eta konplexu bati lekuan lekuko erantzun sinpleak ematen. Esaterako, Andoainen, non aste honetan, urriaren 2tik 7ra, euskara eta moda lotu dituzten 'Modan da Euskara' ekimenaren bitartez.

Astelehenetik larunbat honetako gauerdira arte, ekitaldi ugari antolatu dituzte. Denak izan dira modaren ingurukoak, denak gauzatu dira euskaraz, denak oinarrituko dira Andoaingo Udalaren eta herriko euskaltzaleen, dendarien eta sortzaileen arteko lankidetzan eta, orain arte, oso ondo atera dira denak. Izan dituzte hitzaldiak eta mahainguru interesgarriak, musika emanaldiak, Andoaingo sortzaile eta diseinatzaileen erakusketa, edota Moda Sorgunea izeneko sorkuntza tailerrean bi egunez Fanny Alonso eta Pili Jiménez herriko diseinatzaileengandik ikasteko aukera...

Bastero Kulturgunean paratu dute, halaber, 'Euskal jantzien bilakaera XVI-XX mende artean' erakusketa, Errenteriako Iraultza Dantza Taldearen laguntzarekin antolatua. Azkenerako utzi dute oso itxura ona dakarren ekitaldia, larunbat honetan, urriak 7, egingo den 'Gau Txuria'. Kale Nagusiko 13 denda zabalik egongo dira gauerdira arte, eta beste zenbaitek Juanita Alkain plazako karpetan aurkeztuko dituzte euren proposamenak. 17:00etatik 00:00etara, herriko hainbat musikari arituko dira kaleetan, eta 22:00etan kontzertua eskainiko dute Juanita Alkain plazan Mikel Urdangarin eta Esti Sistiaga.

Moda, baliabidea

Aipatutako jarduera horiek guztiek modaren inguruko ekimen interesgarri bat osatuko lukete, bestelako osagairik ez balute. Interesgarria, baina nahiko arrunta... Andoaingoa, baina, bestelakoa da, xedea ere desberdina duelako. Herriko dendari eta sortzaileen lana sustatu nahi du, jakina, baina beste nonbait du abiapuntua: euskeraren erabileraren sustapenean. "Hau guztiau euskaraz egingo dugu, euskara ere modako komunikazio hizkuntza izatea helburu dugulako. Hitzaldi guztietan eta mahai-inguruan euskaratik gaztelaniarako aldibereko itzulpen zerbitzua emango dugu", iragarri zuten aurkezpenean, eta horrelaxe egin dute.

Ainara Rodríguez Udaleko Euskara zinegotziaren hitzek kokatzen dute ekimena Andoaingo Udalaren euskaren inguruko jardueran: "Euskara sustatzeko ekimen asko egiten ditugu, arlo askotan, eta saiatuz beti herritarren behar eta interesetara hurbiltzen... Eta, azkenean, konklusio batera iritsi gara: euskara jendearengana gerturatu nahi badugu, nahi badugu jendeak euskara erabiltzea, eguneroko hizkuntza izatea, lotu behar dugu erakargarriak zaizkien gauzekin...".

Eta, zalantzarik gabe "gaur egun modan daukan garrantzia ikusita", hori baliatzea erabaki zuten, "modu intuitiboan, hutsetik abiatuta", Ainara Rodríguezek dioenez. Intuizioak ez zien huts egin, eta ikusi zuten Andoainen bazirela diseinatzaile euskaldunak. Hala, zer erantzungo zuten jakin gabe, proposamena aurkeztu zieten, "disposizio ona azaldu zuten", eta jarri zen egitasmoa martxan.

Horrela heldu dira maizegi gauza serio eta inportanteekin lotzen den euskarak gehiegi jorratu gabe dauden mundu batera eta ikusi dute, besteak beste, modaren edo joskintzaren arloan euskaraz aritzeko terminologia arazoak ere badaudela, eta horretarako ere prestatu behar direla tresnak, beste eremu batzuen aldean modarena zenbaitentzat 'arina' bada ere. "Konturatu gara mundu horretan euskarak bisibilidade oso txikia izan duela, eta ekarri egin behar dugula egunerokora", dio Rodríguezek.

Modaren munduan barneratzean egin duten urratsak ireki dizkie, gainera, euskararen eta euskalgintzarekin dinamiketan oso ohikoak ez diren kolektiboetara heltzea, haien interesekin konektatzea lortu baitute, euskaraz. "Horri buruz aritu gara hain zuzen egun hauetan -adierazi du Ainara Rodríguezek-, lortu baitugu euskaraz burutzen diren ekitaldietara erakartzea normalean horrelakoetan ikusten ez ditugunak. Gazte asko, emakumeak gehienak, seme-alabak koskortuta dauzkaten amak... Zeharka beste helburu batzuk lortzen ari gara, eta horrekin ere pozik gaude".

Pozik bakarrik ez, "oso pozik. Gauza denak ilusio guztiarekin antolatzen ditugu, baina badakigu zein zaila den jendea erakartzea eta batzuetan parte-hartzea ez da esperotakoa. Ekimen honek, berriz, oso ondo funtzionatu du, oso ondo joan dira ekitaldi denak, eta momentuz balorazioa oso ona da". Andoainen modan jarri dute euskara, hortaz, eta kontuan hartzeko moduko urratsa egin dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos