Festazaleak zenbatuko dituzte aurten Baionako jaietan

Jendetza Baionako udaletxe aurreko plazan. / AFP

Udalak jakin nahi du zenbat jende bilduko den igandera bitartean, 'beste eredu ekonomiko' bat -ordainpeko festak, alegia- irudikatzen hasi aurretik

M. IMAZ

Festei irekiera ofiziala asteazken gau honetan emango bazaie ere, astea hasi zenez geroztik dabiltza jai giroan Baionan. Igandera arte, milioi bat lagun espero dituzte Lapurdiko hiriburuan, uneren batzuetan muturrekoak izan daitezkeen jaiak Frantziar estatuko eta Europako jendetsuen artean baitaude.

Hasiera-hasieratik, Iruñeko jai nagusiekin lotura estua izan dute Baionako bestek. Sanferminetara joateko ohitura zuen Aviron Bayonnais taldeko errugbi saileko lagun kuadrilla bati okurritu zitzaion hain zuzen lehen aldiz 1932 urtean Baionako festak antolatzea, eta festa sortu berriei sanfermin kutsua ematea. Lehenik eta behin janzkeran, arraroa baita Baionan zuriz eta gorriz jantzita kaleratzen ez den 'festayre' edo festazalea. Antzekotasunak ez dira, baina, janzkeran amaitzen. Iruñekoak bezala, Baionako jaiak izugarri masifikatu dira. Iruñekoak bezala, Baionako Udalak dirutza jarri behar du festak antolatzeko. Eta Iruñekoetan bezala, gehiegitan izaten dira Baionako festetan segurtasun arazoak eta emakumeen aurkako erasoak.

Festen dimentsio ekonomikoari buruzko gogoeta ere senidetuta dauden hiri biek partekatzen dute. Iruñeko Udalak eta Nafarroako beste erakunde batzuek aspalditxo ekin zioten sanferminen eragin ekonomikoa neurtzeari. Horrela dakite, esaterako, 1,3 milioi bisitari erakartzen dituztela. Udalak festetarako 1,3 milioi euroko aurrekontua duenez, esan daiteke euro bat inbertitzen duela bisitariko (Miserikordia Etxeak antolatzen duen zezenaren feriak berariazko aurrekontua du). Inbertsio horren truke, Iruñean 150 milioi euro uzten omen dituzte bertakoek eta bisitariek sanferminek irauten duten bitartean.

Baionan beste era batera egin dituzte kontuak, eta emaitza ez da horren baikorra. Diru publikoz ordaintzen den aurrekontua 2,4 milioi eurokoa izanik, eta diru-sarrerak berriz 700.000 eurokoak, zerga-ordaintzailearen gain gelditzen den dirutza 1,7 milioi eurokoa da. Askotxo, Baionako Udalaren ustez.

Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak aurreratu du "beste eredu ekonomiko bat" aztertu behar dela. Etchegarai ez da festeterako 'sarrera' moduko bat ezartzea proposatu duen aurreneko alkatea. Etchegarayren aurreko Jean Grenetek ere planteatu zuen aukera hori, nahiz eta ez den inoiz gauzatu, ez baita erraza horrelako neurri bat ezartzea.

Lehenik eta behin, jakin nahi dute ahalik eta zehaztasun handienaz zenbat jende biltzen den Baionako jaietan, eta horretarako aurrekaririk gabeko kontaketa-operazio bat jarriko dute abian, hiru bide baliatuz: zenbait tokitan jendea kontatuko duten pertsonak, airetik ateratako argazkiak eta Orange telefono-konpainiak emandako datuak. Kontaketak balioko du, alkateak esan duenez, eredu berri hori irudikatzen hasteko.

Bada, ordea, kostu ekonomikoaren gainetik dagoen kezka bat: segurtasunaren ingurukoa. Iaz, uztailaren 14an Nizan 86 hildako eragin zituen zen atentatuaren ondotik eta ondorioz, festak murriztu egin ziren Baionan. Irekiera saioa eta haurren eguna ezabatu ziren egitarautik, eta izugarri indartu ziren segurtasun neurriak. Aurten itzuli dira bi ekitaldi nagusi horiek festen egitaraura, baina segurtasunaren inguruko kezka ez da arindu, eta 1.000 bat pertsona arduratuko dira horretaz kaleetan. Besteak beste, bost egunez eta bost gauez Frantziar estatuko segurtasun indarretako (polizia, eliteko tiratzaileak, CRS-etako kideak, militarrak, aduanazainak…) 650 kide ibiliko dira Baionako kaleetan. Segurtasun-enpresa pribatuetako 350 langilek (iaz baino 100 gehiagok) osatuko dute dispositiboa, Udalaren kontura. Segurtasunaz arduratuko den zabal horri gehitu behar zaizkio, noski, gainerako zerbitzuen ardura duten ehunka lagunak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos