1,9 milioi euro Iparraldean euskara sustatzeko

Ezkerretik eskuinera, Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran. / IREKIA

Horietako 400.000 Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jarriko ditu, Miren Dobaran sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPren lehendakari berriak sinatu duten hitzarmenaren arabera

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte, Baionan izandako prentsaurrekoan. Iragan martxoaren 29an akordioa sinatu ostean, gaurkoan honen nondik norakoak zehaztu eta aditzera eman dituzte, baita behin betiko zenbatekoa finkatu ere: guztira, 1.930.000 euro izango dira, iaz baino 200.000 euro gehiago. Udaberrian iragarri bezala, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarri ditu euskara Iparraldean sustatzen duten eragileen lana laguntzeko, eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarri ditu.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente berria eta Bernadette Soule EEPko zuzendaria izan dira gaurko aurkezpenean. Hitzarmen-markoa 2007an sinatu zen lehenengoz eta, jasotzen duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berresten dute, oraingoan 2017-2022 epealdirako. Horrez gain, bi alderdiek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute.

Elkarlan honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko asmoa duten proiektu ezberdinen artean banatzen dute aurrekontua. Diru-laguntza batzuk hitzarmen zehatzen barruan ezarririk daude, eta beste batzuk deialdi irekiaren bidez erabakitzen dira.

Hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean, 1.550.000 euro banatuko dira. Hala, 496.000 euro jarri dira euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana sustatzeko. Seaskarentzat, 405.000 euro izango dira (iaz baino 25.000 euro gehiago); Ikas Bi, 40.000 euro (iaz baino 5.000 euro gehiago); Biga Bai, 23.000 (iaz baino 2.000 euro gehiago); eta Euskal Haziak, 28.000 euro (iazko zenbateko bera).

Beste 500.000 euro ezarri dira AEK-ren lana helduen euskalduntzean diruz laguntzeko (iaz baino 89.000 euro gehiago). Hirugarrenik, 234.000 euroko zenbatekoa aisialdiaren alorreko jarduerak sustatzera joango dira: Bertsolarien Lagunak Elkartea, 55.000 euro (iazko kopuru bera); eta Uda Leku, 179.000 euro (iaz baino 34.000 euro gehiago).

Azkenik, 320.000 euro jarri dira euskal hedabideen lana sustatzeko: Euskal Irratiak 310.000 euro (25.000 euro gehiago) eta Euskal Hedabideak, 10.000 euro. Hizkuntza-jarduera proiektuak deialdiarentzat jarri den diru multzoa 380.000 eurokoa izan da (iaz baino 30.000 euro gehiago). Deialdi honen bidez era guztietako 72 proiektu diruz lagunduko dira, tartean hitzarmen zehatzik ez duten hedabideak edota musika eskolak.

Hamar urte elkarrekin lanean

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak lankidetzaren garrantzia azpimarratu du gaurko prentsaurrekoan: “Hamar urte daramatzagu lankidetza formula hau bultzatzen eta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, emaitzak oso positiboak izaten ari dira. Arlo publikoan, pribatuan, hezkuntzan, aisialdian eta gizartearen esparru guztietan sustatu behar dugu euskara, eta elkarlanak hori lortzeko bermeak eskaintzen dizkizu. Elkarlana Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean, eta elkarlana, baita ere, diru-laguntzak jasotzen dituzten elkarte eta erakundeekin”.

Lehenago bestelako aurrekariak izan baziren ere, 2007an sinatu zuten lehen aldiz hizkuntza-politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak. 2007ko otsailaren 7an sinatu zen eta 2010era arte izan zen indarrean. Elkarlan horren balorazioa erabat positiboa izan zenez, 2011ko urtarrilaren 31n hizkuntza politikaren arloan lankidetzan jarduteko hitzarmena berritu zuten bi erakundeek. Akordioa 2011 eta 2016 bitartean izango da indarrean. Martxoan 2017-2022 epealdirako akordioa sinatu zen, eta gaur aditzera eman da.

Horrez gain, iragan uztailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen sustapenean lankidetza indartzeko akordioa sinatu zuten Iruñean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos