10 milioi euro banda zabal ultralasterra gune txiki eta isolatuetara hedatzeko

Ganadua duten baserrien kasuan, ustiapenaren kudeaketa hobetzeko ere garrantzitsua da konektitibate egokia edukitzea. / AP

Gipuzkoako 16 herritan izango dute eragina Jaurlaritzak telekomunikazio-operadoreei eskaini dizkien laguntzek. Foru Aldundiaren plan bat ere badago indarrean lurraldean

Laguntza publikorik gabe, biztanleria-gune txikietara banda zabal ultralasterra eramateko egin behar diren inbertsioak euren gain hartzea ez da errentagarria telekomunikazio enpresentzat. Horrenbestez, gune horietako herritar eta negozioek desabantaila argiak dituzte telekomunikazio-operatzaileek zerbitzu horiek hornitzen dituzten herri eta hirietan daudenekiko.

Desoreka hori arintzen joateko, sektore pribatuko telekomunikazio-operadoreei zuzendutako laguntra-programen deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak. EHAAk argitaratu berri duen aginduak finkatzen duen moduan, 10 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, 2017tik 2019ra bitarteko hiru ekitaldietan banatuta, 1.000 biztanle baino gutxiago duten biztanleria-guneetara belaunaldi berriko banda babaleko sareak hedatzeko. Gune horiek 'gune zuriak' izan behar dute. Hau da, "baldintza horietan Interneten sartzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten telekomunikazioetako azpiegiturak ez dituzten eta datozen hiru urteotan egotea aurreikusten ez duten biztanleria-guneak". Gehienak landa-guneak isolatuak dira. Zehazki, 391 biztanleria-gune txiki identifikatu dira dira, horietako %72 Araban daudelarik.

Arabako 280 guneez gain, Bizkaiko 95 eta Gipuzkoako 16 daude zerrendan. Deialdiaren arabera, "biztanlegunetzat jo da gutxienez hamar eraikineko multzoa, baldin eta kalerik, plazarik eta hiri barruko bestelako biderik osatzen badu. Salbuespen gisa, eraikin kopurua 10 baino txikiagoa izan daiteke, betiere horietako populazioa 50 biztanletik gorakoa bada. Biztanlegunearen barnean daude aipatutako multzoaren kanpoaldetik 200 metro baino gutxiagora dauden eraikin isolatuak".

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak Euskadi lurralde adimendun –Smart Country– gisa finkatzeko duen konpromisoaren barruan dago. 'Euskadi 2020 Agenda Digital'-aren barruan dago, eta dagoeneko, abian diren gainerako proiektuekin bat egiten du: zuntz optikoa 1.700 eraikin publikotara zabaltzea eta banda zabal ultralasterra Euskadiko industria-arloetara zabaltzea. Behin laguntzen ebazpena ezagututa –abenduaren 31 baino lehen-, 18 hilabetetan hedatuko da banda zabala.

Laguntzaren onuradun den konpainiak diruz lagundutako sarearekin, gutxienez, hamar urtez egin beharko du lan, eta gainera, hala eskatzen duten gainerako operadoreei erabateko sarbidea, ez baztertzailea, eskaini beharko die, baita eskainitako zerbitzuei ere.

Gipuzkoaren kasuan, Foru Aldundiak badu berariazko egitasmoa gehienez ere bi urteko epean herririk txikienek ere banda zabal ultralasterra izan dezaten. Landagipuzkoa+ planak, hain zuzen, 1,5 milioi euro baliatuko ditu gune horietako zein herritik aparte dauden etxe eta baserrietako konektibitatea hobetzeko. Planaren aurkezpenean azaldu zutenez, aurreneko fase batean herriko gune nagusitik 500 metrora dauden 1.000 etxetara iritsi nahi da; kilometro batera daudenetara bigarren fasean eta, hirugarren batean, bi kilometrora daudenetara. Kasu honetan, banda zabala eramatearen kostuaren %95 subentzionatuko dio konpainiari Foru Aldundiak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos