Medikazioaren jarraipen egokiak botiken kontsumoa murriztea dakar

Onura besterik ez dakar farmazialarien, erizaien eta medikuen arteko lankidetza sendotzeak. / GSE

Bidasoaldeko farmazialariek, medikuek eta erizainek elkarlanean garatu duten programa batek emaitza bikainak izan ditu tratamenduaren eraginkortasunaren eta segurtasunaren aldetik

Azken urtean, Osakidetzaren Bidasoa ESIren lehen mailako arretako medikuek, erizainek eta farmazialariek, Irun eta Hondarribiako 143 gaixorekin batera, emaitza oso interesgarriak izan dituen medikazioa uztartzeko programa batean hartu dute parte. 'Medikazioa uztartzea' da, funtsean, gaixo bakoitzak erabiltzen dituen botiken zerrenda modu sistematikoan eta protokolo jakin baten arabera jarraitzea eta konparatzea, arreta-maila batetik bestera igaro ahala, bermatu ahal izateko tratamendu farmakologikoaren beharra, eraginkortasuna eta segurtasuna.

Egitasmoaren gako nagusietako bat da, alegia, farmazialariek ematen duten zerbitzu profesionala eta medikazioa uztartzea. Horrela, sendagaiak gaixoen esku jartzen dituzten farmazialariek, desadostasun edo desberdintasunen bat antzematen badute, gaixoaren medikua jakinean jartzen dute, horrek aztertu, ebaluatu eta ebatzi dezan. Programaren xedea gaixoaren segurtasuna hobetzea izan da medikamentuak hartzeari dagokionean, eta gaixoen eta osasun-profesionalen artean segurtasunaren kultura sustatzea ere bai, lehenengo horiek beren tratamentuetan inplikatzearen bidez.

Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak ohar baten bidez argitu duenez, "zerbitzuak interes berezia du gaixo bati ospitaleko alta eman eta etxera bueltatzen denean, medikuaren kontsultara joan eta gero lehen mailako arretan, arreta espezializatuan edo kontsulta pribatuan...".

Botika bat gutxiago egunean

Programan, esan bezala, 143 gaixok hartu dute parte. Parte-hartzaileen adina 72,3 urtekoa izan da batez beste, eta % 64,3 emakumeak izan dira. Programa aurrera eraman den denboran, farmazialariek 259 desadostasun antzeman dituzte, eta medikuak jakinaren gainean jarri dituzte. Programak eta bidezko esku-hartzeek urtebete iraun dute, eta emaitza hauek lortu dituzte: medikuak aldaketaren bat egin zuen antzemandako desadostasunen % 75,4an; 125 agindu bertan behera utzi ziren (% 54,8), 16 agindu berri eman ziren (% 7,0) eta aldaketaren bat egin zen beste 31 agindutan (% 13,6).

Jarduteko modu berri horrek ekarri du, besteak beste, gaixoek hartzen zituzten medikamenduen kopurua murriztea: gaixo bakoitzeko batez beste medikamentu bat murriztu da eta, gainera, antzeman da larrialdi-zerbitzuetara bisitak eta ospitaleratzeak murriztu egin direla, % 16an eta % 45an, hurrenez hurren. Osasun arloan lortutako emaitza horiei onura ekonomikoak gehitu behar dizkiegu; izan ere, gaixo bakoitzeko medikazioaren eguneko batez besteko kostua 0,79€-tik 0,37€-koa izatera pasa da, eta, beraz, % 53,16 murriztu da kostua.

Farmazien esku-hartze gehienak (% 66,7) eman dira gaixoak ez zuelako haren historia farmakoterapeutikoan agindutako medikamentu bat hartzen. Eta esku-hartzeen bigarren kausa izan da (%13,2) gaixoak haren historia farmakoterapeutikoan agertzen ez zen medikamentu bat hartzen zuela.

Osakidetzatik, Bidasoa ESIren zuzendari medikoak, Mª Eugenia Alkiza doktoreak, azpimarratu du "medikazioa uztartzea praktika erabilgarria eta beharrezkoa dela eta osasun arloko agente guztiok kolaboratu egin behar dugula gaixoarekin batera".

Bestalde, GSEko lehendakariak, Ángel Garay jaunak, nabarmendu du uztartzeko programak egiaztatu duela "eguneratutako historia farmakoterapeutiko bakar batek gaixoaren segurtasunerako eta sistemaren eraginkortasunerako hobekuntzak dakartzala. Komunitateko farmazialariak gaixoengandik hurbil daude, eta, horregatik, aipaturiko historian desadostasunak antzemateko agente aproposak dira", erantsi du.

"Azterketa-aldia amaitu da, eta ikusita emaitza onak lortu dituela, uste dugu praktika kliniko hori farmazietan ezarri beharko litzatekeela eta beste toki batzuetara estrapola daitekeela", adierazi dute GSEtik.

Medikazioa uztartzeko programak medikamentuen zentzuzko erabilerarako eta segurtasunerako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Estrategien barruan daude.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos