Jon Maya eta Izaro Andres, 'Begiradak' zikloaren hasieran

Izaro Andres eta Jon Maya./D.U.
Izaro Andres eta Jon Maya. / D.U.

DeustoForum Gipuzkoak antolatuta, unibertsitatea eta gizartearen arteko topagune izan nahi duen ekimenak kulturari eman dio protagonismoa

Jon Maya dantzari eta koreografoa (Errenteria, 1977) eta Izaro Andres kantaria (Mallabia, 1993) izan dira ostegun honetan, azaroak 9, gizartearen eta unibertsitateko bizitzaren arteko topagune eta elkarreraginerako leku izan nahi duen 'Begiradak' zikloaren lehen saioaren protagonistak. Felix Arrieta politologo eta irakaslearen gidaritzapeanm, beren begiradez baliatuz, hainbat gairen inguruko gogoetak eta iritziak eskaini dituzte: lan ibilbidea; kulturari eta arteari, bere adierazpide desberdinetan, lotutako alderdiak; gizarteak landu beharreko erronkak kultur esparrua garatzeko…

Loiola Centrum-eko eraikinean Deustuko ikasle eta langileen aurrean hasi dute jardunaldia. Hasierako aurkezpenak egin ondoren, berehala sartu dira solasaldi interesgarrian. Biek azpimarratu dute beraien lanetan modu natural batean hasi zirela, poliki poliki arrakasta lortuz. Jon Mayaren hitzetan: "Garrantzitsuena perspektiba izatea da, norabide bat hartu eta gustokoen dituzun ideiak eta proiektuak garatu ahal izatea, konstantea behar duzu izan. Gure lanbideak normalak izango dira gu normal sentitzen garen heinean. Jende aurrean gure lana erakusten dugu, hori da diferentzia". Azken honek iritzi ugari sor ditzazke jendearen artean, batzuek gustokoa izango dutela beraien lana eta beste batzuek ez, baina hori lanbidearekin bat datorrela azpimarratu du. Dantzari eta koreografo errenteriarraren ustetan: "Esperimentatu egin behar da, gauzak partekatu eta nahasteko aukera izan behar dugu, Iparraldeko kulturan gertatzen den bezala. Kultura eta sorkuntza ezin dira aisialdi moduan hartu soilik, hori baino askoz gehiago ere badira eta unibertsitatean presente ere egon behar dute”.

"Kultura eta sorkuntza ezin dira aisialdi moduan hartu soilik, hori baino askoz gehiago ere badira" jon maya, dantzari eta koreografoa

Izaro Andres abeslariak ere musika sektorearen ingurukoak aztertu ditu: "Konpetentzia handia dago nire lanbidean eta jendearekin kontuz ibili beharra dago, gaiztakeriak ere gertatzen direlako. Kulturari garrantzi gehiago eman behar diogu eta profesionalen lana, musikariena kasu honetan, gehiago estimatu, lan asko bait dago atzean". Kontzertu batera joateko, adibidez, sarreraren prezioa 5 eurotakoa izan daitekeela adierazi du eta futbol partidu batera joateko ordaindu beharrekoa askoz gehiago dela. Jendeak 'kultura' garestitzat hartzen duela azpimarratu du Izarok baina kirolarekin alderatuta ezberdintasun handiak daudela. Mallabiako abeslariaren hitzetan: "Nik hiru hizkuntzetan abesten dut eta bakoitzak bere xarma du (euskara, ingelesa eta gaztelania). Euskal musikak estilo ezberdinak barneratzen ditu: pop, jazz, folk, rock… Ez dago 'euskal musika' estilorik eta hori garbi utzi behar da. Garrantzitsua da hau azpimarratzea". Bere ustez, "lana, talentua eta zortea" dira arrakasta lortzeko elementu garrantzitsuenak. Eta zortzea, bere iritzian, familia eta ingurune lasai batean jaiotzea da.

"Euskal musikak estilo ezberdinak barneratzen ditu; ez dago 'euskal musika' estilorik" izaro andres, kantaria

Euskal kulturaren isla

Entzuleen artean galderak egiteko aukera ere izan da, eta horietako bat beraien lanek ea euskal kultura islatzen duten edo ez izan da. Jon Mayak adierazi du beraien sorkuntza guztietan euskal kultura eta hizkuntza daudela. Batzuetan gehiago edo gutxiago antzemango dela ikuskizunetan, baina beti hor daudela. Hori modu natural batean egiten dela eta garrantzitsuena dela kalitatezko lanak burutzea. Jardunaldiaren azken partean komunikazioan beraien lanetan duen garrantzia eew azpimarratu dute.

Izaro Andresek Komunikazioko gradua ikasi zuen Deusto Donostiako campusean eta Jon Mayak Kazetaritza Euskal Herriko Unibertsitatean. "Unibertsitatean ikasitako komunikazioak jende aurrean lasaiago eta modu naturalago batean hitzegiteko aukera eman dit, mezuak nola landu, jendearengana nola zuzendu…" azpimarratu du Izarok. Beraien lanetan gizon-emakumeen arteko estereotipoak kasu batzuetan oraindik ere nabarmentzen direla adierazi dute, eta berdintasunera iristeko pausoak eman behar direla.

'Begiradak' zikloak askotariko pertsonen begiradak jasoko ditu hurrengo saioetan: norberaren begiradak, irekiak, askotarikoak, kritikoak, lasaiak, garbiak, sakonak, inklusiboak, proposamenezkoak, eraldatzaileak, kezkatuak, jakin-minezkoak, ilusio handikoak, itxaropentsuak, orijinalak, sortzaileak, heterodoxoak, lotsarik gabeak, inkonformistak, ausartak, galdegileak, konplizeak, enpatikoak, ulerkorrak, arduratsuak, konpromiso handikoak, elkartasunezkoak... Pertsona horiek hainbat esparrutakoak izango dira –kazetaritza, kirola, politika, kultura, erlijioa, elkartasuna…– eta gaur-gaurko gaien inguruan beren analisia eta gogoeta eskaintzen ahaleginduko dira.

DeustoForum Gipuzkoaren helburua da DeustoForumeko eztabaidak eta gogoetak Gipuzkoako lurraldera ekartzera. Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak sustatu du ekimena, baina lurraldeko Tokiko Plataforma Apostolikoko beste erakunde batzuekin batera lan eginda. Felix Arrieta Frutos politologo eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Forumaren koordinatzaile eta gainbegiratzea. Horrela, gizarte zibilaren eta unibertsitate bizitzaren arteko elkarrekintzarako gune bat sortu nahi da, ideia guztientzat, zorroztasun akademikoaren, analisi kritikoaren eta eztabaida irekiaren printzipioak oinarri hartuta.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos