Martí Boadak lezioa emango du pagadi batean

Artxiboko argazkian, erakustaldia Artikutzan./
Artxiboko argazkian, erakustaldia Artikutzan.

Zientzialari famatua Zegamara dator larunbatean, pago batzuk moztu behar direlako lehengo erara

FELIX IBARGUTXI

Larunbat honetan pago batzuk mugarrotuko dituzte Zegaman, gero udazkenean txondorra egiteko. Horrelakoak egin izan dira beste toki batzuetan, baina Zegamakoa oso berezia dugu, izan ere Martí Boada naturalista famatua etorriko da azalpenak ematera.

Hitzordua goizeko 11etan da, Zegamako tren-geltokiko aparkalekuan. Hara joateko, berriz, Zegamatik Otsaurtera doan kamioa hartu behar da, eta kaskotik irten eta handik kilometro eta erdira eskuinetara hartu. Dohainik da bisita gidatua, bi orduko iraupena izango du eta mendiko oinetakoak eramatea komeni da.

Garai batean ez, orain jende askok daki zer den pago edo haritz motza, mugarrotua. Basoa gobernatzeko teknika berezia zen, aspaldiko mendeetan ontzigintzarako egur bereziak lortzeko erabiltzen zena, gero ikazkintzarako ibiltzen zutena; egur-ikatza egiteko, alegia.

1950eko hamarkadan egin ziren azkeneko pago motzak Gipuzkoan. Eta haietako batzuk zutik daude oraindik ere zenbait menditan. Ezagun dute: enbior lodia eta, behin hiru metroko altuera ezkero, adar ugariko sorta.

Martí Boadak (Sant Celoni, Bartzelona, 1949) harreman handia du Zegamarekin, hango Aizkorri-Arazko parketxearekin. Aspaldi etorri Zegamara, Anduetzako enbor bilduma ikustera. jakina denez, mundu osoko 173 zuhaitz espeziez osatutako enbor bilduma dago hor, eta horren osagarri, Imanol Artolaren mundu osoko 1500 bat egur lagin ezberdinez osatutako xiloteka.

Kataluniar naturalista txundituta dago arbola mugarrotuekin: «Gure arbasoen oparia dira. Basoen iraunkortasunerako sistema perfektua: arbolari egurra kentzen diozu, baina ipurditik moztu gabe».

Boadak ikusiak ditu pago motzak baita Asturiasen ere, eta gogorarazi du beste arbola-mota batzuk moztu izan direla era honetara, hala nola lizarra –gero hosto gehiago izan dezan, eta adar horiek ganaduari emateko– eta sahats klase batzuk –urteko adar meheekin saskiak egiteko–.

Martí Boada Arbolaren Museo Europarra sortu nahian dabil, bere jaioterrian, Sant Celonin. Orubea lortua du, proiektu arkitektonikoa ere burututa dago, baina finantziazioa falta da. Museo horrentzat pentsatuta, zientzialari hau hasia da munduko zenbait arbola famaturen kimu berriak biltzen, eta haietako batzuk Zegamako parketxeari eman dizkio, besteak beste kataluniarrentzat horrenbesteko sinbolismoa daukan ‘Pí de les tres branques’ delakoa (Hiru adarretako pinua).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos