LumaBurger hanburgesak eta Ibarrako Piparrez egindako gildak

LumaGorri markapean merkaturatzen diren baserriko oilaskoak./DV
LumaGorri markapean merkaturatzen diren baserriko oilaskoak. / DV

Gaur egungo ohiturei egokitutako hiru produktu berri bildu dira Eusko Labela duten elikagaien multzora

M. IMAZ

Ondo jatea asko gustatzen zaigu baina, telebistako lehiaketek eta sare sozialetako argazkiek kontrakoa iradokitzen badute ere, sukaldatzea gero eta gutxiago. Gustatuta ere, gero eta denbora gutxiago daukagu kozinatzeko. Horrenbestez, ohituretan eta bizimoduan izan diren aldaketen ondorioz, azken hamar urteetan %35 egin du gora plater prestatuen kontsumoak.

Hedatzen doazen joera horietatik kanpo ez geratzeko, Eusko Label markak handitu egin du familia, eta aurretik kalitate ikurra zeramaten produktuei hiru berri gehitu dizkie. Orain artekoak produktu freskoak ziren; kontsumorako ezinbestekoak dituzten prozesuak izan dituzten produktu naturalak gehienez ere, hala nola olioa, eztia edo Ibarrako piparrak. Eusko Labelarekin prestatuta komertzializatzen diren elikagaien artean aipatu behar dira, halaber, Euskal Letxuga poltsaratua, garbituta eta kontsumitzeko prest; Tolosako Babarrun eta Arabako Pintoen kontserbak; Eusko Label behi haragiarekin egindako 'burger meat' eta haragi bolak eta Baserriko Txerriarekin prestatutako hestebeteak.

Urrats berri bat eginez, kontsumorako prest dauden produktuen gama zabaldu du Eusko Label markak, ostiral honetan aurkeztu diren hiru proposamen berriren bidez: Gernikako Piper frijitu hoztuak; Euskal Baserriko Oilaskoarekin egindako hanburgesak eta Ibarrako Piparrekin eta Arabako Errioxako Arroniz Olibekin egindako gildak. Aitor Elizegirekin partekatu duen aurkezpenean Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak adierazi duenez, , “produktu berriok ekoizle desberdinen arteko lankidetzan egindako berrikuntza proiektuen adibide argia dira, produktua bereizten dute, eta, finean, lehen sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, Eusko Label produktuei balio erantsia gehituz”.

Aitor Elizegik, berriz, honakoa azpimarratu du: “Bertako produktuaren balioa agerian jartzea Labela jartzea da, pertsona moduan ditugun balioei Kalitatea jartzea, eta aukera ematen digu gure inguruneari eskerrak emateko etxe ondoan kalitateko elikagaiak edukitzeagatik, egunetik egunera hobeto elikatzen den eta zapore hobea duen Euskadi honetan mantenua, oreka eta etorkizuna eskainiz. Finean, kontua da gure mahaiari eta etxeko ateari Eusko Label kalitatearen zigilua jartzea”.

Produktu berriak

Proposamen berriei dagokienez, Euskal Baserriko Oilaskoz prestatutako LumaBurger hanburgesa Jose Mari Murgiondo LumaGorriko arduradun komertzialak aurkeztu du. LumaBurger -en %94 haragia da eta, horrenbestez, oilaskoaren zapore bereizgarria mantentzen du. Hanburgesa hauek eskuz prestatzen dira erabat, eta erabilitako lehengaia LumaGorri baserriko oilasko izter hezurgabetuak dira. Emaitza kalitate handiko produktu bat da, osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena.

Ibarrako Piparrekin eta Arabako Errioxako Arroniz Olibekin prestatutako Gildak, berriz, Iñaki Labaien Agiña Piperrak-eko gerenteak aurkeztu ditu, adieraziz euskal pintxo tradizionalari "gure lurreko eta Kantauri itsasoko lehengaien balioa gehitu" nahi izan zaiola: Eusko Label piperra, Kantauriko antxoa eta Arabako Moredako olibadietan jasotako Arroniz oliba. Prestatutako Gildak zapore naturala dauka. Arroniz aldaerako olibaren zapore begetal indartsuari esker, kontserbazio desberdinak dituen 3 lehengaiko pintxo honetan zapore guztiak bereizi daitezke, nahastu gabe. Bertako lehengaiekin prestatzen denez, ekoizpen prozesu guztia kontrolatu daiteke eta, horrenbestez, kalitate gorena eskaini. Produktua 8 aleko potean aurkeztu da merkatuan.

'Laugarren gamako' produktutzat jo daitezke Gernikako Piper frijitu hoztuak. Oliba Olio Birjina Estratan jarrita daude, eta nahikoa da bandeja minutu batez mikrouhin labean sartzea betiko piperren zaporea dastatzeko. Piparrak, hain zuzen, freskoak dira ez dute gehigarririk. Eusko Label moduan identifikatutako produktua da, Bizkaiko nekazarien ustiategietatik datorrelako, eta Gernikako piperraren ezaugarri guztiak betetzen dituelako, baita AGBa (Adierazpen Geografiko Babestua).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos