Lorena Martinezen ilustrazioak, ikusgai Donostian

Martinezen ilsutrazioa/
Martinezen ilsutrazioa

Martxoaren 11 bitartean, bera inspiratzen duten objektuak, ilustrazio eta collageak ikusi ahal izango dira erakusketan

Aiete Kultur Etxean erakusketa berria egongo da ikusgai martxoaren 11 bitartean, Lorena Martinez ilustratzailearen ingurukoa hain zuzen. Asteartetik larunbatera dago aretoa zabalik, hau da, egunero jai egun eta igandeetan izan ezik.

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Txokoa ireki zenetik, ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira bertatik. Adibidez: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena 'Mattin', Ainara Azpiazu 'Axpi', Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty eta Dani Maiz. Orain Lorena Martinezen txanda da.

Aiete Kultur Etxean paratuko den Txokoan, ilustratzailearen lanak erakutsiko dira orokorrean: liburuetako ilustrazioak eta azalak, bere zirriborro eta koadernoak, teknika ezberdinetako margolanak, kartel eta jokoak, biniloak, baita lan egiteko erabiltzen dituen tresnak eta inspirazio iturri zaizkion liburu, objektu eta bestelakoak.

Ingenieritza ikasi zuen artista

Nekazal Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen eta lorategiak diseinatzen hasi zen bere lan ibilbidea Martinez. Marrazteko ideiak harreta deituta, lehen liburuak ilustratu zituen 1999 era 2001 urte bitartean, Juan Kruz Igerabideren Ondojoan eta Mintzo naiz elkarlanean, hurrenez hurren.

Koloreak eta marraztea bere pasioa zirela jabetu eta ilustratzaile lanetan jarraitu zuen. Ondoren, beste hainbat liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan, besteak beste Argitxo bildumaren baitan Joanes Urkixok idatzitako zenbait lan (2003, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea); Karlos Zabalaren Oilo kontakatiluaren istorioa (Erein, 2004); Juan Kruz Igerabideren Munduko ibaien poemak (Elkar, 2004), Pipitaki (Elkar, 2006) eta Tanta baten istorioa (Ttarttalo, 2011); eta Harkaitz Canok idatzitako Zer demontre dago aulkien azpian? (Pamiela, 2016).

Azken urteetan, bakarka argitaratzeari ekin dio. Horrela sortu zuen Maite dut olerki ilustratua 2014an (Edo!); eta berriki kaleratu duen Zortzi kolore (Denonartean, 2017) liburua. Hainbat erakusketa ere egin ditu, bakarka zein taldeka. Eta puzzleak, alfabetoak, agendak, egutegiak, kartelak ere ilustratu eta diseinatu ditu.

Kolore planoekin eta forma sintetikoekin lan egitea gustatzen zaio. Nahiz eta ondoren hori digitalizatu, beti eskuz egien du marra edo trazua, arkatza erabiliz. Akuarelekin lan egiten hasi zen arren, gaur egun collagea erabiltzen du sarritan.

Txokoan inspiratzen duten objektuk eta liburuak erakusteaz gain, lan anitzaren erakusgarri diren liburu, ilustrazio eta collageak, burutu dituen jolas, agenda eta bestelako elementuak ikusi ahal izango dira. Baita sortzeko erabiltzen dituen lanabesak ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos