Logurari eta nekeari jaramon ez egitea garesti atera daiteke

Kontuz ibili behar da egunotan, trafiko handikoak baitira.
Kontuz ibili behar da egunotan, trafiko handikoak baitira. / F. de la Hera

EAEko auto-gidarien %58k diote logura direnenean ez dutela atsedenik hartzen eta gidatzen jarraitzen dutela

M. IMAZ

Astearte gauera arte ez da amaituko trafikoari dagokionez urteko unerik konplikatuena izan daitekeen Ama Birjinaren zubia. Izan ere, aurten abuztuaren 15eko jai eguna asteartearekin etorri izanak are gehiago konplikatu ditu urtero konplikatuak izaten diren egunak. Festa ugariek eragiten dituzten bidaia laburrez gain, oporretara abiatzeko edo oporretatik itzultzeko ari dira asko aprobetxatzen jai egunak, eta oporrik ez dutenek, berriz, lau eguneko ihesalditxoa egiteko.

Hori dela eta, asteburu luzea hastear zela RACVN-k (Real Automóvil Club Vasconavarro) eskatu zien auto-gidariei izan daitezela bereziki arduratsuak egunotan, zorroztu dezatela arreta bereziki bigarren mailako errepideetan; drogarik kontsumitzen badute (alkohola barne), ez dezatela ibilgailurik gidatu, eta hartu dezatela atseden nekatuta badaude edo logura badira. Abuztuaren 15aren atarian, berretsi egin ditu gomendioak, azpimarratuz oso aintzat hartu behar direla abiadura eta segurtasun-distantzia, bata gehiegizkoa eta beste eskasegia izatea baitago istripu askoren atzean.

Hain zuzen ere, oraindik amaitu ez den asteburua da urtean istripu gehien izaten dituenetakoa. Iaz abuztuaren 13tik 15era (ostiraletik igandera tokatu zen) 17 pertsona hil ziren Espainiar estatuko errepideetan. Aurtengo datuak, zubiaren eraginez, partzialak dira oraindik, baina zenbatu daitezke dagoeneko 9 hildako, ostiraletik igandera, Trafiko Zuzendaritzak emandako datuen arabera.

Nekeari jaramonik ez

Testuinguru horretan, bereziki kezkagarriak dira Línea Directa Fundazioak zabaldutako datuak. Fesvial-ekin (Fundacion Española para la Seguridad Vial) batera egindako 'Influencia de la somnolencia en los accidentes de tráfico en España (2011-2015)' ikerketarako lau urte horietan gertatutako 442.000 istripu aztertu zituzte, eta inkesta egin zuten Espainiar estatu osoko 1.700 auto-gidariren artean. Ondorio nagusia izan da gidariek ez diotela behar bezainbesteko garrantzirik ematen logurak eta nekeak istripuetan duten eraginari.

Hala, %55k erantzun zuten logurak direnean edo nekatuta daudenean ez direla sekula gelditzen, eta uste dutela gidatzen jarraitzeko moduan daudea. EAEren kasuan are larriagoa da egoera, logura eta neke seinaleei kasu egin gabe gidatzen jarraitzen dutenen ehunekoa %58ra igotzen baita.

Ikerketaren arabera, kontua ez da txantxetakoa, logurak eragindako erreflexu-faltagatik edo lo hartzeagatik 800 pertsona hil baitira istripuz azken 5 urteetan. Istripurik izatekotan, nekeak bikoiztu egiten du heriotza arriskua. Euskadiko 680.000 gidarik aitortu dute inoiz sentitu dutela logura gidatzen zihoazen bitartean, eta 'mikroloaldiak' (neke handiaren ondorio diren lo-kuluxka oso-oso laburrak) izan dituztela onartu dute horietako 276.000ak. 34.000 gidariren kasuan, azkenean istripua eragin zuen baldintza horietan gidatzen jarraitzeak, eta istripu horietatik 7.000 larriak edo oso larriak izan ziren.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos