Lehen azterketa gainditu du 'Mingaina dantzan' esperientziak

Jolaserako tartea Santa Katalina inguruko paraje ederrean. / N.A.

Udaleku giroan, elkarrekin igaro dituzte hamar egun Mundakan eremu soziolinguistiko desberdinetako 30 nerabek

N. AZURMENDIMundaka

Euskararen ezagutza eta erabilera neurtzen duen Inkesta Soziolinguistikoak, azken egunotan horren aipatua izan denak, ez ditu aintzat hartzen 16 urtetik beherakoak, baina 16-24 adin tartekoak badira Euskal Herri osoan euskaldunenak, eta euskara gehien erabiltzen dutenak, pentsatzekoa da adin horretatik azpikoek hobetu egingo dituztela markak, EAEn bederen D ereduan ikasitakoak baitira gehienak.

Ez dago argitu beharrik gauza bat dela ezagutza, beste bat erabilera eta hirugarren bat bi aldagai horien arteko harremana, orain urte batzuk uste zena baino askoz ere konplexuagoa, batez ere luze gabe euskal hiztunen komunitateko multzo nagusia osatuko duten gaurko haur, nerabe eta gazteen kasuan.

Ezagutza ia orokortuta dagoen kolektibo horren hizkuntza portaerak aztertzeko, eta horietan nola eragin jakiteko, 'Mingaina dantzan' udalekua jarri du aurten abian Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Eudelen eta UEMAren laguntzarekin.

Hamar egunez, elkarrekin igaro dituzte egunak eta gauak eremu soziolinguistiko desberdinetako 30 nerabek, Mundakako (Bizkaia) aterpetxean. Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako neska-mutilak elkartu dituzte, 12 eta 14 urte bitartekoak. Teknikoki, denak dira euskaldunak, guztiak baitira euskaraz hitz egiteko gauza. Batzuek, ordea, euskara dute eguneroko hizkuntza. Besteek, gaztelania.

Taldea erdibana osatu duten bi multzoetako gaztetxoak inolako bitartekaritzarik eta aurretik finkatutako estrategiarik gabe elkartuko balira, gaztelaniara joko lukete seguruenik elkarren artean jarduteko. Adina edozein dela ere, horixe da ohikoena. 'Mingaina dantzan' ekimena, baina, gazteen portaera aztertzeko ez ezik gauzak beste modu batera gerta daitzen lortzeko ere sortu da; "euskararen erabilera sustatzeko tresnak garatzeko eta hedatzeko", alegia.

Ondorio baliagarriak

Astearte honetan, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearen bisita izan dute gazteek, eta bisita baliatuz aurreratu da "ikerketa soziologiko" berezi honen aurreneko balorazioa. Sustatzaileen eta protagonisten lehen inpresioen arabera, esan daiteke gainditu duela aurreneko azterketa...

"Gaztetxoentzako oso proiektu erakargarria landu da, eta lehen helburua eurek goza dezatela izan da. Hala ere, udaleku hauek proiektu zabalago bati lotuta daude. Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak beren-beregi bildu ditugu leku zoragarri honetan, eta hemen sortzen den elkarbizitza horren inguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatzen ari da", azaldu du Miren Dobaranek.

Ebete enpresako Iñaki Eizmendi, eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Mundakan. / N.A.

Ikerketa hori garatuko duen Ebete enpresako Iñaki Eizmendik adierazi du lanketa sakonagoa beharko dela behin betiko ondorioak finkatzeko, baina bera ere pozik azaldu da esperientzia amaitu aurreko lehen inpresioekin. Udaleku gisa, alegia, oso ondo funtzionatu omen du: "Talde polita osatu da, oso harreman onak sortu dira denen artean, eta ez da egin jatorriaren edo euskara mailaren araberako bereizketarik". Euskalkien kontura izan dira komeriaren batzuk elkarri puntua hartu arte, baina gehiago, eta handiagoak, izan dira nahasketa barregarriak komunikazio arazoak baino.

Udalekuetako giro berezia eta propio egindako 'nahasketa' baliatuz, helburua zen "erdal eremuko nerabeak euskarara gerturatzea, eremu euskaldunekoek euskara mantentzea, eta konturatzea zenbat lagun dezaketen euskararen erabilera sustatzeko orduan". Argitu behar da parte-hartzaile denak zirela udalekuon berezitasunen jakitun, eta gurasoak ere bai, Mundakarako bidea hartu aurretik bilerak egin baitziren guztiekin.

Aurreneko balantzearen arabera, "helburua ez da bete %100, baina betetze-maila altua izan da, eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu, egoera askean, aisialdian, oso zaila baita nerabeen portaeretan eragitea".

Neskek, gehiago

Hizkuntza portaeretan eragiteko hiru tresna baliatu dituzte batik bat: gazteak euskara erabiltzera behartu dituzten hizkuntza jolasak; beste eremu batzuetan dezente erabiltzen den euslearen figura eta sare sozialak.

Esperientziak erakutsi du tresna guztiek ez dutela berdin funtzionatu, eta badagoela zer findu hurrengo edizioetarako. Hala ere, kontuan izanik "baliabide batzuk lehenengoz garatzen" ari direla, "emaitzak oso positiboak izaten ari dira. Hori dela eta, ikerketa honetatik aterako diren ondorioak oso baliagarriak izango dira etorkizunean", adierazi du Eizmendik.

"Ikerketa honetatik aterako diren ondorioak oso baliagarriak izango dira etorkizunean"

Ondorioren bat aurreratzekotan, ohartu dira kasu zehatz honetan behinik behin generoa aldagai garrantzitsua izan dela, jatorria edo euskararekiko hurbiltasuna baino garrantzitsuagoa. Izan ere, nesken konpromisoa indartsuagoa izan da, eta gehiago erabili dute euskara, irmoago eutsi diote.

Lehendik ere argi zegoena berretsiz, ikusi dute halaber erabakigarria dela hezitzaile edo begiraleen egitekoa, eta hizkuntza kontuak tartean direnean garrantzi handikoa dela halaber gaiaren inguruko prestakuntza egokia jasotzea. "Indarrak hezitzaileen formazioan jarri behar dira. Hizkuntzaren inguruko formakuntza berezia kurrikulumean txertatu beharko litzateke", iradoki du Eizmendik.

'Mingaia dantzan' udalekuen funtzionamenduaz Ttakun Kultura Elkartea arduratu da, eta asmoa da Mundakako esperientzian ikasitakoa interesa duten guztiekin partekatzea. Miren Dobaranek aurreratu duenez, "ikerketa amaitutakoan denei emango diegu emaitzen berri, batez ere aisialdiaren eremuan ari direnei. Udaleku handienak Foru Aldundiek antolatzen dituzte, eta oso lagungarria izan daiteke haientzat esperientzia honetan ikasi duguna. Udal, kultur etxe, aisialdi talde... Askorentzat izan daiteke onuragarria hemen ikasitakoa".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos