Laguntza berezia jaso du Topaguneak Euskaraldia garatu ahal izateko

Herriz herri ari dira euskaltzale taldeak Euskaraldia prestatzen. Argazkia iazko Euskararen Egunean egin zen, Elgoibarren./ASIER
Herriz herri ari dira euskaltzale taldeak Euskaraldia prestatzen. Argazkia iazko Euskararen Egunean egin zen, Elgoibarren. / ASIER

Euskararen erabilera sustatzeko kanpaina dela eta, 65.000 euroko laguntza emango dio Foru Aldundiak, iaz baino 35.000 euro gehiago

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskaltzaleen Topaguneari 65.000 euroko diru laguntza ermatea, iaz baino 35.000 gehiago, hizkuntza berdintasunaren alde egindako apustuaren baitan. Euskaraldia ekimenaren garapenean Topagunearen jarduna babestea izan da diru laguntza handitu izanaren arrazoi nagusia.

«Foru Aldundiak euskararen erabilera soziala sustatzeko duen politikaren barnean, oso garrantzitsua da Topaguneak egiten duen lana Gipuzkoako eskualde nahiz herrietako euskara elkarteak sustatzeko, sektorea sendotu eta indartzen laguntzen baitu», Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez.

Elkarlanaren bitartez, Topagunearen berregituratze langintzaren esparrua indartu eta garatu nahi da. Izan ere, eraldaketa sakon bat gauzatzen ari da bere ikuspegian eta antolamenduan euskararen normalizazioa lurralde osora hedatu nahirik, lankidetza bilatuz helburu berarekin diharduten erakunde eta gizarte eragileekin, eta egiteko hori ahalik eta modurik eraginkorrenean jorratzeko.

Euskaraldia ekimenaren garapenean Topagunearen jarduna babestea izan da diru laguntza handitu izanaren arrazoi nagusia. Aurtengo azaro eta abendu bitartean izango da Euskaraldia. Euskararen alde herriz herriko dinamika bateratuak sustatuko dira, euskalgintzako eragile lokalak erdigunean kokatuta, eta federazioaren baitan komunikazio tresnak eta interakzio ekimenak indartuko dira, euskaldun antolatuak bizkortzeko eta hauen mugimendua sendotzeko.

«Euskara elkarteen eragin esparrua gizarte eremu guztietara zabaltzea bada ere, lehentasunez norbanakoen hurbileneko erabilera askeko guneetan eta aisialdian lan egiten dute, familian, eskolaz kanpoko jardueratan, lagun artean, kulturgintzan eta hedabideetan. Gertutasun horrek balio handia ematen dio haien lanari, eta horregatik da ezinbestekoa jarduera hori babestea», esan du Lasak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos