‘Kulturrizketak’ saioak eta ‘Kixotenea’ liburuak jaso dituzte Rikardo Arregi sariak

Sariak larunbat eguerdi honetan eman dira, Andoainen./UNANUE
Sariak larunbat eguerdi honetan eman dira, Andoainen. / UNANUE

Sarion historian lehen aldiz, eman gabe gelduko da kazetari gazteen lana sustatzeko sortu zena

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Kulturari eskainitako telebistako saio batek eta erreportaje liburu batek irabazi dituzte larunbat eguerdi honetan Andoaingo Bastero Kulturgunean eman diren Rikardo Arregi kazetaritza sariak. Hiru eman ohi dira azken urteotan, baina aurten bitan gelditu da palmaresa, epaimahaiak erabaki baitu eman gabe uztea kazetari gazteen lana aintzatesteko eta sustatzeko sortu zena.

Ekitaldian izan dira, herritar eta gonbidatu ugarirekin batera, Andoaingo alkatea, Ana Carrere; Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Estibalitz Alkorta; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, Lorea Bilbao; Andoaingo zinegotziak, Rikardo Arregi zenaren senitartekoak, epaimahaikideak eta saridunak.

Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen dituen sari hauen 29. Ediziora hogei kazetari eta komunikatzaileren lanak aurkeztu dira, guztira 87 lan ezberdin. Ia guztiak sari nagusira aurkeztu dira, eta oso gutxi azkenean eman gabe gelditu den 'kazetari berria' atalera. Horrenbestez, bi sari eman dira: sari nagusia eta epaimahaiaren sari berezia. Horrez gain, aipamen bereziak egin zaizkie Eguna euskarazko lehen egunkariari eta Ortzadar astekari gehigarriari.

Sari nagusia irabazi du Goiena Telebistako 'Kulturrizketak' izeneko elkarrizketa eta solasaldi saioaren lantaldeak. Eta Epaimahaiaren sari berezia irabazi dute Iñigo Astiz kazetariak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak, 'Kixotenean' erreportaje liburuagatik. 'Kulturrizketak' telebista saioaren lantaldeak sari moduan jaso ditu 9.000 euro garbi, Xabier Lakaren eskultura eta agiri-diploma. Epaimahaiaren sari bereziaren irabazleek Xabier Lakaren serigrafia numeratu bana eta agiri-diploma jaso dituzte. Goiena Telebistako 'Kulturrizketak' elkarrizketa saioaren lantaldea (gidoia, errealizazioa, kamerak, soinua) osatzen dutenak dira: Eneko Azkarate, Txomin Madina, Monika Montero, Andoni Bodes, Mikel Ezkerro eta Jagoba Domingo. Goienako programazio buru Oihane Agirrek eta aipatutako lantaldeak jaso dute saria, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Eusko Jaurlaritzako Estibalitz Alkortaren eskutik.

Kultur sorkuntzaren gaineko saioa da 'Kulturrizketak'. 2016an hasi zen Goiena saio hau ekoizten, 'kazetaria - elkarrizketatua' ohiko formatoan. Urte horretan hainbat disziplina kulturaletako sortzaile ugari ekarrizketatu zituzten. 2017an ohiko formatoa utzi eta saio bakoitzean kultur sorkuntzako diziplina ugaritako (musika, literatura, dantza, bertsogintza...) bi sortzaile jarri dituzte aurrez aurre, solasean: kultur disziplina berekoak batzuetan, eta disziplina ezberdinetakoak bestetzuetan. Epaimahaiaren hitzetan, "Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak euskarazko kazetaritzan sustatu nahi dituen balioak erabat betetzen ditu Kulturrizketak saioak: kalitatea, garaian garaiko beharrizanetara egokitua izatea, modernotasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta eredugarritasuna".

'Kixotenean' erreportaje liburua, zeinak Epaimahaiaren sari berezia irabazi baitu, bi ikuspegiren sorkuntza da: kazetariaren (Iñigo Astiz) eta ilustratzailearen (Maite Mutuberria) ikuspegiak bat egin izanaren emaitza da. Cervantesen heriotzaren 400 urte betetzearen harian, Mantxara egindako bidaia tarteko, Berria egunkarirako idatzitako artikulu sorta batek osatzen du saritutako liburuaren bizkarrezurra, baina saritutako liburuak baditu artikulu haiez gain beste elementu batzuk ere, eta kronikak ere zuzendu, moldatu eta aberastuta daude saritutako liburuan, 'Kixotenean' liburuan alegia, non fikzioa eta errealitatea etengabe elkar gurutzatzen diren. Epaimahaiaren hitzetan, «sorkuntza paregabea da Kixotenean. Irakurterraza eta oso goi mailakoa, aldi berean. Eredugarria». Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriak biek jaso dute saria, Ainara Rodríguez Andoaingo Euskara zinegotzi eta epaimahaiburuak, eta Goio Arana, Maria González Gorosarri eta Goizalde Landabaso epaimahaikideek emanda.

Esan bezala, aurtengo edizioan hutsik geratu da 27 urtez azpikoentzako deitzen den 'kazetari berria' ataleko saria. Epaimahaiak adierazi duenez, "kalitatezko lanak gero eta gehiago dira 27 urtez azpiko gazteen sorkuntzan, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren erronka da datozen urteetan lan ugari horien neurriko lanak jasotzea".

Temas

Zabalik

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos