Konputazio kuantikoaren ikertzaile gazteak prestatzeko eskola

IBM konpainiak garatutako laborategi kuantikoaren atal bat
IBM konpainiak garatutako laborategi kuantikoaren atal bat

Donostia International Physics Centerrek eta Optika Kuantikoko Max Planck Institutuak antolatuta, astelehen honetan hasi da Donostian

Donostia International Physics Center (DIPC) eta Optika Kuantikoko Max Planck Institutua (MPQ) zentroek antolaturiko 'Nanotechnology meets Quantum Information (NanoQI)' nazioarteko eskola hasi da astelehen honetan Donostiako Miramar jauregian. Konputazio kuantikoaren ikertzaile gazteak trebatzeko DIPC School bat daeta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) uda ikastaroen baitan antolatu da.

Geza Giedke DIPCko Ikerbasque ikerlariak eta Juan Ignacio Cirac MPQko zuzendari eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturias Printzea saridunak bigarren urtez antolatu dute eskola hau Harvard Unibertsitateko eta ETH Zurich erakundeko ikertzaileekin batera, mundu osoko ikerlari gazteei trebakuntza espezializatua eskaintzeko.

DIPCek jakinarazi duenez, 2015ean lankidetza hitzarmena sinatu zuen Optika Kuantikoko Max Planck Institutuarekin, bi zentroak aitzindari diren ikerketa lerroak elkartzen dituzten proiektu zientifiko berriztagarrietan kolaborazioa bultzatu eta indartzeko asmoz.

Hitzarmenari esker, ikertzaileen kontratazioa eta trukea bultzatzeaz gain, 2016ean NanoQI trebakuntza eskola sortu zen nanoteknologia eta komunikazio kuantikoak elkar gurutzatzen diren ikerketa eremuan. Bide horretatik, hurrengo hamarkadetan informatikan iraultza eragin daitekeela uste da.

Ikastaroaren irekiera ekitaldian izan dira Amaia Eskisabel Jaurlaritzako Ikerketa zuzendaria, Geza Giedke biltzarraren zuzendari eta DIPCeko Ikerbasque ikertzailea, Harvard Unibertsitateko Mikhail D. Lukin eta Max Planck-MPQI Institutuko Alejandro Gonzalez-Tudela ikerlari antolatzaile kideak, eta Igor Alvarez UPV/EHUko uda ikastaroetako zuzendariorde akademikoa.

Irekieran, Eskisabelek horrelako ekitaldien garrantzia nabarmendu du euskal ikerketa zentroen eta mundu mailako ospea duten instituzioen artean nazioarteko kolaborazioa sustatzeko. Gainera, azken hamarkadan Euskadiren ekoizpen zientifikoan emandako aurrerapauso garrantzitsua azpimarratu du, eta oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketa zentroek %15eko ekarpena egiten dutela.

Bestalde, ikastaroaren gaiari dagokionez, Giedke fisikariaren hitzetan, "teknologia kuantikoen garapena diziplina anitzeko erronka zientifiko izugarria da. Helburu handi horren lorpenak bideratuta ematen diren aurrerapausoek natura eta informazioa ulertzen lagunduko digute, eta berrikuntza teknologikorako oinarriak ezarriko dituzte alor desberdinetan".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos