Konfiantza eta auzolanaren zubia eraikita geratu da

Osagai ugari izan zituen emanaldiak. /IÑIGO SÁNCHEZ
Osagai ugari izan zituen emanaldiak. / IÑIGO SÁNCHEZ

Urretxu-Zumarraga Ikastolak emanaldi mamitsua eskaini zuen atzo Kursaalen, Kilometroak 2018ko balioak zabaltzeko asmoz

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA DONOSTIA.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak zubi bat eraiki zuen atzo Donostian, hezkuntza komunitatea eta Gipuzkoa osoko euskalzaleak elkartzeko. Ikastolaren 50 urteko ibilbidea, ekainaren 3a eta Kilometroak 2018ko eguna den urriareb 7a ere batu zituen zubiak. Ez zen harrizkoa, ezta egurrezkoa ere. Ikusentzunezkoa, artistikoa, eraiki zuten Kursaaleko oholtza gainean, atsegina bezain mamitsua gertatu zen ikuskizun baten bitartez. Azkar ekarri zuen gogora aurkezle lanak maisuki burutu zituen Joseba Apaolazak (bertako ikastolan hasitakoa) «elkarren beharra dugun hariak garela», eta hortik aurrera egungo ikasle, ikasle ohi, guraso eta zenbait lagunek 'zubiak batuz' osatu zuten emanaldia.

Hiru zatitan banatutako 'Noraezean' ikuskizuna eskaini zuten DBH1eko ikasleak, galduta dabilen Enea izeneko neska gazte baten istorioa kontatuz, konfiantzaren zubiaren garrantziaz ohartarazteko. Oholtza gainean antzerki eta dantza ikuskizuna lagunduz, atzeko pantailan pisuz betetako kontzeptuak ikus zitezken. Zubi lanean hain garrantzitsuak diren hitz horiek hain zuzen ere: ardura, tentua, pazientzia, zorroztasuna, pentsamendua, pasioa, adorea, zirrara, irrika, gutizia...

Komunitatearen zubiari Gorka Hermosa ikasle ohi eta soinu jotzailearen 'Bihotz bakarra' abestiak eman zion doinua. Ikasleak, langileak, gurasoak eta kultur eragileak batuta aritu ziren ikastolako abesbatzarekin batera eta Irrintzi taldeko dantzariekin bat eginez saio gogoangarri bat osatzeko.

Jone Astorkiaren eta Agurtzane Telleriaren zinta ikuskizunak auzolanaren zubia islatu zuen ondoren. Bi protagonisten gorputz landuak ez ezik, ikusleen emozioak ere zintzilik jarri zituen ikuskizunak, eta bide batez auzolanak zerura begira jartzen gaituela gogorarazi zuen.

Parekidetasunaren zubitik gitarra eta saxofoiaren uztarketa goxoa igaro zen. Miriam Inza eta Ana Carmona ikasle ohiek erritmo alaiak jo eta abestu zituzten Gorka Hermosak 'Paco' izeneko obra interpretatu aurretik, Kaabestri Ensemble laukotearen laguntzaz. Flamenkoa eta euskal dantza modu zirraragarrian elkartuz landu nahi izan zen aniztasunaren gaia. Zubietan zubiena.

Eta sinboloen ondotik, edukiak berriz ere indarra hartu zuen Kirmen Uribe idazleak eta Alaia Martin bertsolariak poesia-bertso solasaldi baten bitartez Euskara nola sentitu, gozatu eta bizi duten kontatu zutenean. Ikuskizunari amaiera borobila emateko Mikel Urdangarin musikariak Jose Mari Iparragirre Urretxuko olerkariaren 'Zibilak esan naute' kanta abestu zuen.

Hala, Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak 2018ko zubitik pasako diren balioak Gipuzkoa osora zabaldu nahi izan zituen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos