Kolokan jarraitzen du Euskadin belaunaldi arteko ordezkapenak

90eko hamarkadan, emakume bat hiru semerekin./M. A. GONZÁLEZ
90eko hamarkadan, emakume bat hiru semerekin. / M. A. GONZÁLEZ

Iragan mendeko 40 hamarkadako bigarren erdian jaiotako emakumeak izan ziren, 2,1 haurrekin, hori lortu zuten azkenak

1951 eta 1970 urteen artean jaiotako emakumeek ez dute lortu EAEn belaunaldi arteko ordezkapena; hau da, jaiotzekin heriotzak berdintzea eta, horrenbestez, biztanleriak bere horretan jarraituko duela bermatzea. Hori lortzeko, 2,1 haur izan behar ditu emakume bakoitzak. Euskadin, iragan mendeko 40ko harmarkadako bigarren erdian jaiotako emakumeen artean eman zen azkenekoz tasa hori. Hortaz, emakume horiek dira belaunaldi-ordezkapena ahalbidetu zuten azkenak, Eustatek datuen arabera.

Hurrengo emakume belaunaldien seme-alaba kopurua jaitsiz joan zen, 1971 eta 1975 bitartean jaiotakoentzat 1,4 haurrekoa delarik; izan ere horiek dira ugalkortasun historia osorik duten azkenak. Edonola ere, 2011 urtean 40 urte baino gutxiago zeuzkaten emakumeen azken ondorengotzak -hau da, guztizko haur kopurua- ez du bizkortzeko itxurarik: bizitzan zehar 1,3 haur espero dituzte batez beste. 1996-2000 bitartean jaioek, berriz, haur bakarra. Hortaz, kolokan jarraitzen du argi eta garbi EAEn belaunaldi arteko ordezkapenak, eta ez du hobera egiteko itxurarik.

Euskadi ez da salbuespena. Europar estatu gehienetan 1940tik aurrera jaiotako emakumeen azken ondorengotza jaitsiz joan zen, eta belaunaldi–ordezpena ez zen lortu 60ko hamarraldiko urteen bukaeran jaiotako belaunaldientzat; salbuespenak, familia-politika anbiziotsua zutenak, Frantzia, Norvegia, Suedia. 1960an jaiotako emakumeen azken ondorengotza (1,51 haur emakumeko) baxuagoa da Alemania edo Italiakoa (1,66) baino.

Ama izateko batez besteko adina, bestalde, antzekoa da azken belaunaldietako emakumeetan eta 75 urte baino gehiago dituztenetan. Azken horien kasuan, baina, hirugarren eta ondorengo seme-alabak guztizkoaren %40 zirelako gertatzen zen hori. 2016an 40-50 urte bitarteko emakumeen artean, berriz, seme-alaben %8 baino ez ziren hirugarren eta ondorengoak.

Azken belaunaldietan lehenengo haurra jaiotzean amaren batez besteko adina 31 urte inguru da; lehenagokoetan, berriz, 28 urte inguru. Horrez gain, Eustatek nabarmendu du belaunaldien ezkontza-tasa ere beheraka ari dela etengabe. Gizonen artean, behin betiko ezkongabeen portzentajerik txikiena (%4) 1926-1930 bitartean jaioen artean aurkitzen da; emakumeen artean 1931-35 bitartekoetan. Handik aurrera portzentajeak goraka joan dira, eta 1971-75 bitartean jaiotakoen artean gizonezkoen %28 eta emakumeen %21 ezkongabeak dira.

Izatezko bikoteen kopurua, berriz, goraka doa. 1971-75 bitartean jaiotakoen artean, bikotearekin bizi direnen %15ek mota horretako harremana dute. Eta nabarmendu behar da izatezko bikoteen ugalkortasuna "baxu samarra" dela, Eustaten hitzetan: 2016an %54k bazuen haurrik, baina batez bestekoa ez zen haur bakar batera iristen.

Emantzipazio adina ere hartu du kontuan Eustatek bere azterketan. Hala, azken urteetan goraka doa etengabe seme-alabak gurasoen etxetik doazen adina: ia 30 urte zituzten 2016an, 1990ean baino bost gehiago. 1986-1995 bitartean gazteen %66 ezkontzeko emantzipatzen ziren; hamar urte lehenago, %74. 2006tik 2016ra, berriz, %23 izatezko bikotea osatzeko eta %25 ezkontzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos