Kilometroen azken hitzordua Oñatin

Herritar guztientzako hitzaldi irekia izango da Oñatiko Bidebarrietako Euskaldunberri gelan
Herritar guztientzako hitzaldi irekia izango da Oñatiko Bidebarrietako Euskaldunberri gelan

'Neraberak eta aisialdia. Gurasoen jarrera' hitzaldian kontsumo arduratsuari buruz jardungo dira bihar Oñatin, Kilometroaken alde herrian antolatuko dituzten azken ekintzen artean lehena

DVDonostia

'Neraberak eta aisialdia. Gurasoen jarrera' hitzaldian kontsumo arduratsuari buruz jardungo dira irailaren 13an, asteazkenean, Kilometroetako prebentzio taldeak antolatutako hitzaldian, AGIPAD elkartearekin batera. Herritar guztientzako hitzaldi irekia izango da, Oñatiko Bidebarrietako Euskaldunberri gelan, 17:30ean.

Bi egun beranduago, hilaren 15ean, kirolaren txanda izango da. Emakumezkoen futbol partidua jokatuko dute Realak eta Osasunak, Azkoagainen, 18:30ean. Txartelak leihatilan bertan erosi behar dira, norgehiagoka hasi baino ordubete lehenagotik (17:30). Helduek 10 euro ordaindu behar dute, eta, 15 urtetik beherakoek, 5 euro.

Bestalde, hilaren 16an, Oñatiko Naturzale taldeak antolatuta mendi martxa egingo da. Izen-emate bakoitzeko euro bat emango zaio Kilometroetako antolakuntzari. Gainera, Foruen plazan postua egongo da, jatekoarekin eta edatekoarekin. Kilometroetako arduradunek kudeatuko dute txosna.

Azkenik, eta aurtengo Kilometroek jasangarritasunarekin duten konpromisoaren berresteko, asteburutan Oñatiko plazan eta inguruetan lurrera botatzen diren hondakinen kontzientzia hartzeko ekintza aurrera eramango da. Honela bada, Kilometroen aurreko asteburuan, udaleko garbitzaileek Oñatiko plaza ingurua ez dute garbituko. Asteburuan lurrera botatako hondakinak Txantxiku Ikastolako ikasleek bilduko dituzte.

Jasotako hondakin guztiak kaxa garden batera botako dira, eta kaxa erakusgai jarriko da Oñatiko plazan eta Kilometroetako egunean ere ibilbidean zehar ikusgai egongo da. Antolatzaileen esanetan "Ekintza honen bitartez, Jendeari ikusarazi nahi zaio edukiontziak edukita ere ohitura handia dagoela hondakinak lurrera botatzeko, eta hori aldatu beharra dagoela".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos