Ez du kexarako motiborik Wolfram Deunak

Wolfram Deuna ekitaldiko hizlariak, Elhuyar aldizkari berritua eskuetan dutela, Elhuyar anaien begiradapean. Goian, Lezameta, Cancio, Lopez-Gazpio eta Txurruka. Behean, Uria, Urizar eta Torregarai. /ELHUYAR
Wolfram Deuna ekitaldiko hizlariak, Elhuyar aldizkari berritua eskuetan dutela, Elhuyar anaien begiradapean. Goian, Lezameta, Cancio, Lopez-Gazpio eta Txurruka. Behean, Uria, Urizar eta Torregarai. / ELHUYAR

Umorezko bakarrizketa zientifikoak izan ziren, ohi denez, Elhuyarrek hirugarren urtez antolatu duen jaiaren ardatza

Wolfram izeneko santu bat bada. Frisian ibili zen misiolari VII. mendeko azken hamarkadetan. Eroria izango da seguruenik santuen izendegitik, zerrendari eman dioten astindu horietakoren batean, baina gelditzen dira munduan harekin izena partekatzen duten gizasemeak. Espainiar estatuan bertan, esaterako, 53 gizonezko... Ostegun iluntzean Bergarako Zabalotegin egin zen Wolfram Deunaren jaian, baina, ez zuten hura gogoan, XVIII. mendean Bergarako Mintegian wolfram edo tungstenoa bakartzen aurrenak izan ziren Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak baizik eta, oro har, euskal zientzialariak. Edonola ere, Wolfram Deunak ez du kexarako motiborik, bikain joan baitzen saioa.

Hirugarren urtez antolatu du aurten Elhuyarrek zientzia umorez ematera bideratutako ekitaldia, Bergarako udalaren ZTB jardunaldien barruan, Wolfram Deuna patroi hartuta. Bertako eta kanpoko jende ugari erakarri zuen ekitaldiaren mamia, ohi denez, umorezko bakarrizketa zientifikoak izan ziren. Horien bidez nahi dute zientzia eta teknologiarekiko beldurra kentzea eta jakin-mina piztea. Hala, protagonistek denetariko gaiak izan zituzten hizpide: zonbien garuna, zakilaren neurriaren garrantzia, infinitua, semenarekin ikertzen duen emakume ikertzaile baten komeriak, zentzurik gabeko ikerketak, infinito-motak…

Guztira, zortzi hizlari aritu ziren, Alaitz Ochoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidearen gidaritzapean: Ibon Cancio Uriarte biologoa, Irati Iciar Madinabeitia UEUko koordinatzailea, Josu Lezameta Larrabeiti euskara-irakaslea, Josu Lopez Gazpio kimikaria, Idoia Torregarai Martija UEUko komunikazio-arduraduna, Jesus Mari Txurruka Argarate biologoa, Jone Uria Albizuri matematikari eta bertsolaria, eta Itziar Urizar Arenaza fisiologoa.

Hitzaldiekin gozatzeaz gain, Elhuyar aldizkariaren jantzi berria ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek. Aldaketa sustatu dutenen ustez, "aldizkariarekiko batzuek izan dezaketen aurreiritziak (serioa, zorrotza, zaila…) hautsi nahi dituzte", eta, horretarako, itxura berria lagungarria izango dela uste dute. Wolfram Deunaren jaira joandakoen artean abenduko zenbakiaren aleak banatu zituzten, eta, bide batez, aldizkariaren inspiratzaileekin, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiekin, argazkia ateratzeko aukera izan zuten.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos