Juan Arin etnografoaren lan denak bildu dituzte

Juan Arin etnografoaren lan denak bildu dituzte

Orain dela 125 urte Ataunen jaio zen ikerlariaren omenez abenduaren 12an haren jaioterrian egingo den ekitaldian aurkeztuko da liburua

Hilaren 12an Juan Arin Dorronsoro (1892 -1972) etnografoaren jaiotzaren 125. urteurrena betetzen dela eta, Ataungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Aranzadi Zientzia Elkartea bere ikerketa lanak biltzeko eta zabaltzeko elkartu dira, "ikertzaile honek egindako lan aitzindariari behar duen errekonozimendua bultzatzeko helburuarekin".

Errekonozimendu formala abenduaren 12an, 18:30tan, Ataungo herri antzokian egingo da. Arin Dorronsorori omenaldia egingo diete Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Asier Rodriguez Ataungo alkateak eta Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak, besteak beste. Bertaratzen diren herritarrei liburuaren ale digitala banatuko zaie.

Aurkeztuko den liburuak Arin Dorronsorok argitaratutako obra guztiak biltzen ditu eta ikerketa lan zabalago baten lehenengo atala da. Paperezko 50 aleko edizio mugatuarekin batera edizio digitalean aurkeztuko da, sarean hedatzeko erraztasuna emango duena. 2018an zehar argitaratu gabeko ikerlanak aztertu, maketatu eta argitaratzeko asmoa dago, guztiarekin Euskal Herriko liburutegi eta artxibo nagusietan zein ikerketa zentroetan behin betiko idazlan bilduma eskuragarri izatea lortu nahi baita.

Barandiaranen garaikoa

Lehendik ere jasota zeuden Arin Dorronsororen ibilerak. 2009 urtean, hain zuzen, Ataungo Udalak Izaskun Egiguren Imazen osatutako 'D. Juan Arin Dorronsoro (1892-1972). Ataundar bat bere herriaren iragana arakatzen' liburua arakatu zuen, non agertzen ziren Arinen eta Barandiaranen arteko antzekotasunak eta diferentziak. Izan ere, "Barandiaranen lana Euskal Herrira begira egina dagoen bezala, Arinenak Ataungo herria du helburu", nabarmendu zen orduko hartan.

Barandiaran baino hiru urte gazteagoa zen Ataungo Telleriazpi baserrian jaiotako Juan Arin Dorronsoro (1892 -1972). Hura bezala, abade. Dokumentalista, etnografo eta idazle aipagarria, XX. mende hasieran ekin zion berrogeita hamar urtetik gorako ikerkuntza jardunari. Ataunen, jaioterrian, eta ingurumarian burutu zituen ikerketak. Bere lana 1926. urtetik 1970. urtera arte luzatu zen. Berak bildutako edukiak eta testigantzak (datuak, erregistroak, ezagutzak, usadioak, etab.) deskribapen etnografiko borobil bihurtu zituen.

Garai bateko bizimoduaren atalak, berak ikusiak eta ezagutuak, zuzenean bildu eta galtzeko zorian zeudela jakitun zela, ahanzteko arriskutik berreskuratzen eraginkor izaten asmatu zuen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos