%6 igo du Jaurlaritzak euskaltegi pribatuetara bideratutako diru-ekarpena

Artxiboko argazkian, irakaslaea eta ikasleak Bizkaiko herri bateko udal euskaltegian./R. Arnaiz
Artxiboko argazkian, irakaslaea eta ikasleak Bizkaiko herri bateko udal euskaltegian. / R. Arnaiz

"Irakasleen lan-baldintzak hobetzeko" neurri hori hartzeaz gain, 1.250.000 euro bideratuko ditu ikasleentzako diru-laguntzetara

HABEren bitartez, 19.575.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak 2017-2018 ikasturtean euskaltegi pribatuen lana diruz laguntzera, iaz baino %6 gehiago. Horrez gain, 11.519.370 euro bideratuko ditu euskaltegi publikoen lana laguntzera, iaz baino %1 gehiago. Igoera hauek euskaltegietan lan egiten duten 1.300 irakasleen baldintzak hobetzea izango dute helburu.

Euskaltegi pribatuei dagokienez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen HABE erakundeak erabaki zuen talde-orduaren modulu bakoitzera bideratutako dirua %6 igotzea 2017-2018 ikasturterako. Izan ere, igoera horri esker irakasleen baldintzak hobetu ahal izango dira euskaltegi pribatuetan, aspalditik datorren eskaera bat betez.

Zentro publikoen kasuan, Aurrekontuen Legeak %1erainoko igoera baimentzen du eta, ondorioz, euskaltegi publikoetako irakasleek %1 gehiago jasoko dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egiten duen ekarpenaren igoerari esker.

Bestalde, Eusko Jaularitzak 1.250.000 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean ikasleen ikasketa prozesua diruz laguntzera. Diru honi esker, hainbat ikasleren matrikula doakoa edo askoz ere merkeagoa izango da, beti ere ikasleek dagokien maila gainditzen badute.

Diru-laguntza hauez gain, udalek eta aldundiek deialdi ezberdinen bidez laguntzen dute ikasketa prozesua. Eusko Jaurlaritza lanean ari da legegintzaldi honetan B2 mailara arteko doakotasuna lortzeko euskararen irakaskuntzan. Helburu historiko hau lortzeko, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak abian jarri beharreko baldintzak adosten ari dira hizkuntza politika kudeatzen duten erakundeak batzen dituen HAKOBAn (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea).

Euskadin, ikasturtero 35.000 lagun inguruk ikasten dute euskara euskaltegi publiko eta pribatuetan. Guztira, 103 euskaltegi daude Euskal Autonomi Erkidegoan, 64 pribatuak dira eta 39 udaletakoak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos