Jardunaldi piloto batekin abiatu da 'Hitzartu' parte-hartze prozesua

Etorkizunerako proposamenak ere egin zituzten egun osoko jardunaldian parte hartu zutenek./
Etorkizunerako proposamenak ere egin zituzten egun osoko jardunaldian parte hartu zutenek.

Lasarte-Oria, Zubieta, Usurbil eta inguruetako ehundik gora herritarrek parte hartu zuten larunbatean GuraSOS plataformak sustatutako ekimenaren lehen saioan

Landaberri ikastetxeak hartu zuen larunbatean Hitzartu hondakinen inguruko parte-hartze prozesuaren lehen saioa. 'Gure bizitzaren kontrolaren bila: nola lortu informatzeko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko eskubidea bermatzea?' lelopean burutu zen herritarren parte-hartze prozesuaren jardunaldi pilotoa, erraustegiaren obretatik gertu. Beste eragile batzuk ere erakarri dituen ekimenaren sustatzailea den GuraSOS plataformak zabaldutako prentsa oharraren arabera, «egunean zehar Lasarte, Zubieta, Usurbil eta inguruetako ehun herritarretatik gorak» hartu zuten parte 'gune irekian'. «Jardunaldia giro lasai eta erosoan eman da eta jendeak jarrera aktibo eta oso parte-hartzailea izan du. Umeez osatutako eztabaida talde bat ere izan da, baita txikienentzako bestelako entretenimentuak ere. Azpimarragarriena izan da bertaratutako guziek parte hartu dutela eztabaidetan, gizartean ideiak lasaitasunez adierazi eta hitzegiteko gogoa azalaraziz», nabarmendu dute.

Erraustegiaren inguruko kezkak ez ezik hondakinen kudeaketaren inguruko gai nagusiak biltzen zituen gai-zerrenda prestatu zen lehenik, parte-hartzaileen ideia eta proposamenak bilduz. Hainbat eztabaida talde osatu ziren ondoren, arratsaldean eztabaida orokorrari ekiteko. Eztabaida-talde guztietan jaso zirenez bertan ateratako ideia eta iritziak, datozen egunetan «gune irekietan inskribatu diren edo parte hartu duten guziei bidaliko zaizkie esandako aktak». Jardunaldiaren amaierarako utzi zen «etorkizunerako ekimenen proposamenak» jasotzeko txanda. 40 proposamen desberdin jaso dira guztira.

Antolatzaileek, «bertaratutakoen jarrera aktibo eta parte-hartzailea» azpimarratu dute. «Nabaria izan da hondakinen gaiaz eta bertan planteatutakoez jendeak hitzegiteko duen gogoa. Herritarren arteko komunikazio ariketa handia izan da. Gaurko esperientziatik gauza asko ikasi dugu. Etorritako gehienak gaiaren inguruan lan egoteko ilusio handiagoaz atera dira eta ideia argi batekin: inoiz ez dela gai honi heltzeko beranduegi», azaldu dute. Edonola ere, behin betiko nalorazioa maiatzaren 14an egingo da, eta balorazio publiko bat egingo dutela ere aurreratu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos