Izokinkumeak askatuko dituzte larunbatean Orian

Iaz askatu zituzten arrainkumeak. / IÑIGO ROYO

Usurbilgo Orbeldiko presan harrapatutako ale helduen kumeak askatuko dituzte Tolosako Udalak eta Foru Aldundiak, elkarlanean

Izokinkume ugari askatuko dira larunbatean, uztailaren 22an, Tolosan, Oria ibaian, Santa Maria Elizaren parean, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza medio. Arrainkume horiek Orbeldiko presan (Usurbil), Oriako ibaian behera, harrapatutako ale helduen errunalditik jaio ziren. Izokinak askatzen parte hartzeko, nahikoa da Tolosako Armeria Plazara joatea 10:45ean. Handik abiatuko dira bertaratuak arrainkumeak askatzeko gunera.

Duela urte bete izokin ugari ibairatu zituzten Udalak eta Aldundiak puntu berean. Orduan, Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak ekintza honen balioa mahaigaineratu zuen: "Duela zenbait urte hasi zen aingirekin eta orain ohikoa izaten da, iraila inguruan, aingirak errekan gora doazela ikustea, Oriaren ertzetatik, ugaltzera. Larunbatean askatuko ditugun izokinek urtebete inguru igaroko dute hemen, eta beste urtebetez itsasoan egongo dira". Hiru urte barru, beraz, izokin horiek Orian gora ikustea espero du Tolosako Ingurumen zinegotziak.

Ekimenean inplikatutako Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak helburutzat dute Oria ibaiaren kalitatea hobetzea, ura, ekosistema eta ondorioz espezieen alorrei bultzada emanaz. Oriaren kalitatea txarra zen urteetan galdutako espezieak berreskuratu eta ibaia birpopulatzeko aktuazioetako bat da hau. Aldi berean, aingirak, izokinak, gaizkatak, amuarrainak, urraburuak, kolakak eta lanproiak bizirik irauteko migrazioari dioten menpekotasuna azaleratu nahi da.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos