'Izan kantuz'-ekin mundu mailako marka ipini nahi dute

Erronkaren azken notak Egan taldeko Xabier Saldias (argazkian), Idoia Uralde eta Julen Iraolak jarriko dituzte./DV
Erronkaren azken notak Egan taldeko Xabier Saldias (argazkian), Idoia Uralde eta Julen Iraolak jarriko dituzte. / DV

Ostiral eta larunbatean 26 orduko euskal karaokea egingo da Zaldibian, hainbat aurpegi ezagunekin

'Izan kantuz' izeneko erronka jarri dute abian Zaldibian. Euskal karaokea egingo da ostiral-larunbatean zehar eta mundu mailako marka jarri nahi dute: 26 orduz euskaraz kantuan, etengabe. Dei egin diete herritarrei, abestia aukeratu dezaten.

Prestaketa lanak asteazkenean hasi ziren, antzoki aurreko agertokiaren muntaketarekin, ostegunean karpa barruko muntaketa lanak burutu zituzten.

Ostiralean, hilak 10, 17:00etan Zaldibiako plazatik kalejiran abiatuko dira, txistularien gidaritzapean, Herri Antzokira. Bertan, 'Izan Kantuz' erronkari hasiera emateko ekitaldia izango da, eta lehen abestia arratsaldeko 18:00etan kantatuko da. Ondotik, 26 orduak bete arte, honakoa da egitaraua.

18:30etatik aurrera Porrotxen bisita eta kantuak izango dira.

18:45ak inguruan Alaitz eta Maider taldeko Maider Zabalegi abeslaria izango da kantari.

20:00ak inguruan Mikel Markez abeslaria jardungo da.

20:00etatik 21:30etara Ordiziako eta Beasaingo Kantu Jirek kaleak alaituko dituzte.

23:00etatik aurrera Abarlotz Olano abeslari zaldibiarra izango da kantuan.

01:00ak inguruan Naroa Gaintza abeslaria.

02:00ak inguruan Gureran taldeko Manex Mendizabal.

Sukaldea eta taberna irekita egongo dira 26 ordutan zehar eta gosari bereziak eskainiko dira karpan.

Larunbatean, berriz, hau izango da egitaraua:

09:00etan Zubi Buru elkartekoen eskutik txokolatada karpan.

11:00ak inguruan Miren Fernandez abeslaria

11:30etatik 13:30etara Plentziako Kantu Jirako lagunak alaituko dituzte kaleak.

12:00ak aldera Hesian Taldeko Zuriñe Hidalgo kantuan.

13:00ak aldera Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreak kantari.

14:00etan herri bazkaria.

17:00ak inguruan Drindots taldeko Jon Urdangarin.

18:00etatik 19:30etara Andoaingo Kantu Jirakoek, Zarauzko Montetxio koruak eta Lasarteko Xumela Koruko lagunek alaituko dituzte kaleak.

19:00ak inguruan Egan taldeko Xabier Saldias, Idoia Uralde eta Julen Iraola.

20:00etan amaiera ekitaldia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos