'Izan kantuz' ekimenak mundu-marka ipini du

Zaldibiar batzuk kantuan, eskuinaldean zurezko lekukoa ikusten delarik./
Zaldibiar batzuk kantuan, eskuinaldean zurezko lekukoa ikusten delarik.

26 ordutan zehar 500 abesti entzun dira Zaldibiako oholtzan

26 orduz kantuan, euskal kantuekin karaokea eginez. Zaldibiarrek mundu-marka berria ipini dute asteburuan, eta Official World Record erakundeak ziurtatu du dagoeneko. ‘Izan kantuz' ekimenean 500 kantu entzun dira eta 1.000 lagun baino gehiagok jardun. Asmoa da orain beste herri bati pasatzea lekukoa, eta laster nahi dute erabaki. "Plentzia, Oiartzun, Errenteriako lagun batzuk pasa dira hemendik eta gustatu zaie ideia. Ikusiko dugu zein animatzen den datorren urtean ekimena bere gain hartzera", adierazi du Agustin Mujika, 'Takolo' pailazoa izandakoak.

Gizon honek jarri zuen abian ekimena Zaldibian, hainbat lagunen laguntzarekin. "Ni Lasarte-Oriakoa naiz eta Euskararen Maratoia egin izan dugu, 40 ordu plazan euskarazko ikuskizunak eskainiz, era askotakoak. Pentsatu genuen Zaldibian zerbait ere egin zitekeela, baina ezberdina, hau Lasarte-Oria baino herri euskaldunagoa baita», adierazi du Mujikak.

Ostiral arratsaldean hasi zen Zaldibiako karaoke-maratoia. Lehenengo Santi Ormaetxeak jardun zuen, zurezko lekukoa egin duen zaldibiar artistak. Benito Lertxundiren 'Erribera' abestu zuen. Eta larunbatean azkeneko kantuak Ruper_Ordorikaren 'Zaindu maite duzun hori' eta 'Agure zaharra' izan ziren, hainbat lagunek batera kantatuak eta, horrelaxe, Kataluniari keinu eginez. Official World Record delakoa Estatu espainiarrean kudeatzen dutenak ere kataluniarrak dira.

Erronkak iraun zuen bitartean, hainbat pertsonaia ezagun pasatu ziren Zaldibiako oholtzatik: Jose Mari Agirretxe 'Porrotx', Maider Zabalegi, Mikel Markez, Zuriñe Hidalgo, Drindots taldeko Jon Urdangarin, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza, eta Xabier Saldias eta bere taldekideak, besteak beste.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos