Irungo eta Pasaialdeko berroneratze prozesuak, aztergai

Uztailaren hasierako argazkian, lanak Trintxerpe eta Herrera artean. / Arizmendi

UPV/EHUren Udako Ikastaroen baitan Foru Aldundiak antolatuta, irailaren 13 eta 14an. Plazak agortuta, itxarote zerrenda dago

Gipuzkoako zenbait gunetako birgaitze eta berroneratze prozesuak izango dira aztergai irailean UPV/EHUren Udako Ikastaroetan. 'La regeneración y la recuperación de espacios urbanos en Gipuzkoa' ikastaroa Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak antolatu du. Ikastaroan zenbait prozesu aztertuko dira, horien artean Pasaialdeko badiarena eta Irunen aurreikusitako proiektua, orain trenbideen hondartzak okupatutako lursailak liberatu eta gero.

Irailaren 13an eta 14an izango da ikastaroa Miramar jauregian, eta aditu ugari bilduko ditu, haien artean Eileen Crowley, zeinak Irlandako Cork udalerrian burututako portuaren berroneratze-prozesua azalduko duen. Ikastaroan izango dira baita ere L'Hospitaleteko alkateorde Francesc Bellver Valles, eta Josep Boira, Valentziako Generalitateko Etxebizitza eta Herri Lanetako idazkaria, herritarren partaidetza azalduko duena Valentziako Portuaren kasuan.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak azpimarratu duenez "komenigarria da hiri-berroneratze proiektu eta esperientzia zehatzak partekatzea Pasaiako portukoen antzeko inguruneetan, arrakastaz burutu izan direlarik Espainiako eta Europako gainerako lekuetan".

"Pasaiako badiaren berroneratze integralaren proiektu estrategikoa oinarritzat hartuta joan den urtean antolatu genuen aurreneko ikastaroa oso aberasgarria izan zen. Hala, edizio honetan ere beste proiektu berezi bati helduko diogu, eskualdeko eta lurraldeko proiekzioa duena, Irungo trenbideko hiri-espazioak berreskuratzekoa, alegia", azaldu du Garmendiak.

"Portuen eta trenbideetako instalazioen inguruko berroneratze-prozesu konplexu horiei buruz jardun ziren hizlari guztiak -gogora ekarri du Garmendiak- bat etorri ziren adieraztean garrantzi handikoak direla lidergo partekatuak, adostasun instituzionalak, inbertsio publikoaren eta pribatuaren premia, eta herritarren parteeta erantzukidetasuna."

Uda Ikastaro honetan, esan bezala, dagoeneko aurreneko pausoak ematen hasia den Irungo trenbideetako espazioak berreskuratzeko proiektuari helduko zaio. Hala, autonomia erkidegoan, Estatuan eta Europan indarrean dagoen arauditik aztertuko dira prozesu horiek. Nicolas Gharbi, Eskualde eta Hiri Politikako Europako Batzordea ordezkatuz, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondo, besteak beste, izango dira hizlariak.

Ikastaro hau ez da soilik teorikoa izango, Irungo udalerriko trenbideen hondartzan Adif-ek liberatzea aurreikusita dituen lursailak ere bisitatuko baitira. Irungo alkate José Antonio Santano bera arduratuko da proiektua bertatik azaltzeaz. Horren bitartez 58.000 metro karratu liberatuko dira, orain erabilerarik ez dutenak eta lehen trenbideko aduanak harzen zituenak. Instituzioen arteko akordio horrek hiri-garapen berri bat ahalbidetuko du, mistoa, etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak hartuko dituena, unibertsitate-munduari ere lotua, eta eskualdeko proiekzioa izango duena.

Ikastaroa hirigintzako adituei, arkitektoei, teknikariei eta hiri-espazioen berroneratze-prozesuetan interesatuta dagoen publiko orokorrari zuzenduta dago. Doakoa da eta izena emateko epea zabalik dago jada. Hone esanda, itxarote-zerrendan izena emateko epea dago zabalik, plaza guztiak agortuta baitaude.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos