Indarkeria matxista kasuei azkarrago aurre egiteko app-a

Indarkeria matxista kasuei azkarrago aurre egiteko app-a
FOTOLIA

Mugikorretarako aplikazio bat sortzeko eta ezartzeko eskatu diote Batzar Nagusiek Jaurlaritzari

Indarkeria matxista kasuetan, erantzun azkarra erabakigarria izan daiteke biktimarentzat. Hori dela eta, aurretik Eusko Legebiltzarrak, Arabako Batzar Nagusiek eta zenbait udalek egin duten bezala, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "aplikazio telematiko bat diseinatu eta garatzeko, EUDELekin elkarlanean, indarkeria matxistako egoeretan esku hartzeko denbora murriztearren".

Podemos-Ahal Duguk EAJ eta PSErekin adostutako ekimenak ez du kontrako botorik jaso, baiezkoa eman baitio PPk, eta abstentzioa hautatu EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk zabaldutako ohar baten arabera. Talde horretako Patricia Geteren hitzean, adostasun zabal hori "berri ona da, indarkeria matxistaren gaitzaren aurka borrokatzeko beste fronte bat irekitzea ahalbidetzen baitu". "Teknologia berriek mugikorretan baliabide berriak ezartzeko aukera eskaintzen digute, horrelako egoera batean dagoen edozein emakumek, edo indarkeria matxista kasuren bat ikusi duten lekukoek, modu azkar eta errazean abiaraz dezaten erantzun-protokoloa", esan du Getek.

Ebazpenak dioenez, "tresna horren diseinua ikuspegi feministarekin egin beharko da, EMAKUNDEeren eta mugimendu feministaren babesarekin". Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio, halaber "lan egiteko, EUDELekin elkarlanean, tresna horrek arreta espezializatua eman diezaien alerta-mezuei eta -bidalketei, eta, horretarako, zerbitzuan esleituta dauden langileei prestakuntza egokia emateko".

Informazio kanpaina

Euskal gizarteak aplikazio horren ezaugarriak ezagutu ditzan, informazio-kanpaina egin dezan ere eskatu diote Jaurkaritzari. Aplikazioaz haragoko ikuspegiz, "Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta EMAKUNDEri eskatzen diete, beren eskumenen barruan eta estatu- eta nazioartemailako politika eta itunekin koordinatuta, bultzatzeko berdintasun-politika integralak, adosteko estrategia feminista bat, mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin elkarlanean, indarkeria matxistari buruzko diagnostiko bat eta memoria ekonomiko bat barne direla, gehienez ere bi urteko epean".

Diputatuen Kongresuarentzat ere badago eskaera bat: "aldatzeko presako izaeraz abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa, indarkeria matxista eragin duten erasotzaileengan arreta jarrita gauzatu ahal izan daitezen jarraipen eta zaintza polizialeko ekintzak".

Era berean, Batzar Nagusiek "positiboki baloratzen dute EUDELek adierazitako prestasuna eraso matxisten aurkako app-a EAEko udal guztietara hedatzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote modu aktiboan aritzeko arlo honetan elkarlanean Gipuzkoako udalerri guztiekin, tokiko autonomiarekiko errespetutik".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos