Iñaki Beristain zenaren omenezko ‘Arantzazu’ monografikoa

Imanol Beristain, 2008ko argazkian, aldizkariaren aldi berriaren aurkezpenean./USOZ
Imanol Beristain, 2008ko argazkian, aldizkariaren aldi berriaren aurkezpenean. / USOZ

Argitalpenaren zuzendari izandako fraide frantziskotarrari eskainiko diote 1.000. alea

Orain hilabete hil zen Iñaki Beristain (Errezil, 1947) ez dute erraz ahaztuko Arantzazuk eta euskaltzaleek, eremu askotan utzi baitu arrasto sakona. Besteak beste, k/azetaritzan, bai idatzizkoan, bai ikus-entzunezkoan. Arlo horretan izan zuen dedikazio handienetakoa 'Arantzazu' aldizkariari eskainitakoa izanik, 1.000. alea haren omenezko monografiko bilakatzea erabaki dute.

Hala diote ohar baten bidez: "'Arantzazu' aldizkariak, lehen alea 1921. urtean argitaratu zuenak eta hilero-hilero Euskal Herriko eta Estatuko beste zenbait herritako zazpi mila etxetan jasotzen denak, 1.000. alea argitaratuko du azaroan. Aldizkariko zuzendari zenaren Iñaki Beristainen heriotzak ez du ospakizunerako lekurik utzi, eta, hala, zenbaki biribileko 1.000.a haren omenezko monografiko jantzi da".

Iñaki Beristainek ikusteko modurik izan ez duen ale guztiz berezian, "aldizkariko kolaboratzaileek, eta Arantzazu osoak, hari omen egiteko argitalpenaren ale berezia prestatu du 'Iñaki Beristain (1947-2017): maitatu Arantzazu' izenburupean". Aurreratu dutenez, "ale monografikoari emozioa dario hurbileko lagunen testigantzak baliatu direlako edukiak osatzeko. Besteen artean, bereziki hunkigarriak dira Joxe Mari Arregik agurtzeko idatzitako gutuna eta, Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan, mahai beraren inguruan Iñakiri buruz jarduteko eseri genituen Juan Ignacio Larreak (Arantzazuko goardianoa), Manex Beristainek (Iñakiren iloba) eta Alazne Guridik eta Jose Ramon Belokik (Iñakiren lagun minak biak) izandako elkarrizketa.

'Iñaki Beristain (1947-2017): maitatu Arantzazu' monografikoak, dituen 52 orrialdeetan, Iñakiren fede-biografiari eta haren ibilbide profesionari buruzko artikuluak ere jaso dira, baita Iñakik giza bizitzako balore eta kontzeptu handien gainean (heziketa, bakea, etorkizuna, emakumea...) bere blog-ean (iberistain.org) izkiriatu zituen zenbait testu ere, betiko predikatzen jarraitu dezan. Edukiak argazkiz ilustratu dira: gaur egunekoak batzuk eta Iñakiren familiartekoek utzitako gazte-garaikoak eta haurtzarokoak beste zenbaitzuk.

Harpidedunek egun gutxi barru izango dute beren etxeetan. Eta interesdunek Edizio Frantziskotarrak argitaletxean (www.edicionesfranciscanasarantzazu.com) eskuratu ahal izango dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos